NAIZ.INFO
IRUÑEA

Joseba Pabon aske geratu da

Txantreako bizilagunak «talde armatuarekin kolaborazioa» delitua leporatuta ezarritako espetxe zigorra osorik bete du. 2007ko apirilean atxilotu zuen Guardia Zibilak tortura zantzu garbiak utzi zituen sarekada batean.

Joseba Pabon. (via twitter @sortutxantrea)
Joseba Pabon. (via twitter @sortutxantrea)

Joseba Pabon preso txantrearra larunbatean gelditu zen aske espetxe zigorra osorik bete ondoren. Pabon 2007ko martxoaren 28aren eta apirilaren 2aren artean Gipuzkoan eta Nafarroan Guardia Zibilak burutu zuen sarekadan atxilotu zuten beste hamaika lagunekin batera.

Polizia operazio horretan atxilotu gehienek torturak eta tratu txar basatiak salatu zituzten. Besteak beste, Arkaitz Agote donostiarrak besoa apurtuta zeukala bukatu zuen inkomunikazio epea; Itziar Agirrek biluztarazi egin zutela eta joera sexualeko hainbat ukitze pairatu behar izan zituela adierazi zuen; Juan Karlos Herrador bere goitika miazkatzera derrigortu zuten; eta Sergio Lezkanok birritan bortxatu zutela salatu zuen. Gainera, denek, buruan, bizkarrean edota barrabiletan kolpeak jaso zituztela eta «poltsa» jasan zutela nabarmendu zuten.