NAIZ.INFO
BILBO

Ertzaintzak Bilbon kargatu eta mutil bat zauritu du buruan, konorterik gabe utzi arte

Guardia Zibilaren operazioa salatzeko Bilboko Elkano kalean bildu direnen aurka kargatu egin du Ertzaintzak eta mutil bat zauritu du buruan, konorterik gabe utzi arte. Anbulantzian eraman dute. Ertzaintzaren jarrera bortitza salatu dute lekukoek.

Zauritutako gaztea, lurrean. (Monika DEL VALLE / ARGAZKI PRESS)
Zauritutako gaztea, lurrean. (Monika DEL VALLE / ARGAZKI PRESS)

Ertzaintza kolpeka oldartu da Bilboko Elkano kalearen inguruan Guardia Zibilaren operazioaren aurka bildu den jendea eta pertsona bat zauritu du.

Lekukoek eta bertan zeuden kazetariek kontatu dutenez, Ertzaintzaren Brigada Mugikorraren jarrera oso bortitza izan da Elkano kalean azaldu direnetik. Elkano eta Poza kale artean zeuden lagunak urrundu eginarazi dituzte eta une batean, jendeak zebrabidea zapaldu duenean, borrekin kolpeka oldartu dira «beltzak». Aipatu beharra dago trafikoa ordurako moztua zuela Udaltzaingoak, eta han elkartu direnek ez zutela bidea oztopatzen.

Haietako batek, operatiboaren buru zenak, oso bortitz kolpatu du mutil gazte bat buruan eta auto baten aurka erori da, konorterik gabe. Han zeudenek anbulantziari deitu eta eraman egin dute. Basurtuko ospitalean dago, atxikita.