Naiz.info
Baiona

Ikastolek lege propioa izatearen nahia eta aldarrikapena Baionako suprefeturara eraman ditu Seaskak

Jende andanak bat egin du Seaskak Baionako suprefeturaren aitzinean deitutako mobilizazioarekin. Kalea itxi dute manifestariek, arrautzak jaurti dituzte eta ozen aldarrikatu dute ikastolek lege propioa behar dutela. Salaketa albiste txar batekin heldu da: Paueko auzitegiak atzera bota du Hendaiako Herriko Etxeak ikastola berria eraikitzeko lurrak uzteko erabakia.

Ikastolentzat lege propioa izan dute aldarri Baionako elkarretaratzean. (Bob EDME)
Ikastolentzat lege propioa izan dute aldarri Baionako elkarretaratzean. (Bob EDME)

Seaskak lege propioa nahi du bere ikastolentzat, euskal hezkuntzak oinarrizko baldintzak behar dituelako oraindik orain Ipar Euskal Herrian. Pariesk darabilen hizkuntza politikaren aurka, 400 lagun inguruk bat egin dute elkarteak deitutako mobilizazioari.

‘Lege bat ikastolentzat!’ lelopean, Baionako suprefetura aitzinean paratu dira manifestariak eta aldarrikapen ekitaldia egin dute bertan.

Sutsua izan da suprefetura aurrean eginako elkarretaratzea; arrautzak ere jaurti dituzte eraikinaren aurka eta Polizia frantsesa inguruetan agertu da, baina egoera ez da harago joan.

Sustrai Colina bertsolariak kantuz hartu du hitza ondoren eta urruñarra hala agertu da: «Suprefetek eta prefetek jakin dezatela, horiek pasako direla eta gu hemen egongo garela».

Hendaiako Herriko Etxeak hartutako erabakia, atzera

Seaskak deitutako mobilizazioa albiste txar batekin heldu da. Gaur goizean jakin da Paueko Auzitegiak arrazoi eman diola suprefetari Hendaiako ikastolaren auziaren baitan. Hendaiako Herriko Etxeak Gure Ikasolako eraikin berria egiteko lurrak eskaini zituen, eta suprefetak debekatu egin zuen erabakia.

Debekua arrazoitzeko, 1850eko ‘Falloux Legea’ jarri zuen mahai gainean Patrick Dallenes-ek. Legeak debekatu egiten du diru publikoa eskola pribatuei ematea.

Prefetak ere erabakia helegin zuen Paueko Auzitegiaren aurrean eta honek arrazoia eman dio orain.

Seaskako lehendakari Paxkal Indok atsekabez hartu du ebazpena. «Leku berean, itokinekin eta haurrak bustitzen segiko dugu» baina helburuak lortzeko borrokan jarraituko dutela berretsi du.