NAIZ.INFO
BILBO

Pobrezia dakarten politiken aurkako mobilizazio kanpaina egingo du Gune plataformak

Gune plataforma osatzen duten sindikatu eta eragile sozialek hainbat mobilizazio antolatu dituzte datozen asteotarako, tartean martxoaren 3rako deitu duten manifestazioa. Egun horretan Bilbon egingo den goi bilera ekonomikoa aprobetxatuta, hausnarketarako aldarria egingo dute, pobrezia dakarten politikak errotik aldatzeko.

Gune plataformaren agerraldia. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
Gune plataformaren agerraldia. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Bilbon egindako agerraldi baten bitartez, Gune plataformako kideek datozen asteotan burutu asmo dituzten mobilizazioen berri eman dute.

Deialdi horien artean, martxoaren 3an Bilbon egingo duten manifestazioa dago. Egun horretan, patronalen, banketxe handien eta Nazionarteko Diru Funtseko buruzagiek goi bilera egingo dute, eta «munduko ziniko handienei merezi duten harrera» egin nahi diete sindikatu eta eragileek.

Aste hauetan zehar ‘Pobreziara eta prekarietatera garamatzate. Euskal Herriak bere bidea lelopean’ burutuko dituzten ekimenen helburua, Ainhoa Etxaide eta Adolfo Muñoz LAB eta ELAko idazkari nagusiek azaldu dutenez, «gurean gero eta larriagoa» den pobreziaren aurka borrokatzea da.

Otsaileko ostegun guztietan mobilizazioak egingo dituzte: 6an Gasteizko Legebiltzarraren aurrean; 13an, Lan Departamenduak Bilbon duen egoitzan; 20an, aldiz, Lanbidek Donostian duen egoitza aurrean; eta 27an, Iruñeko Parlamentuaren atarian jarri dute hitzordua.

Martxoaren 3an protesta ekimena burutuko dute Bilbon, goi bilera ekonomikoaren harira. Hilabete horretako 10etik 20ra mobilizazioak eskualdeetan egingo dituzte eta, azkenik, 22an, bat egingo dute Madrilen egingo den Duintasunaren Martxarekin.