NAIZ.INFO
ANGELU

Kargaontzi bat bitan zatitu da Angelun, Barra hondartzan

Zamaontzi bat bitan zatitu da gaur goizean, matxuratu ondoren Angeluko Barra eta Zaldunen hondartzen arteko kai-muturraren aurka jo ostean. Armadaren bi helikoptero behar izan dituzte eskifaia osatzen duten hamabi marinelak erreskatatzeko. Haietako bik zauri arinak dituzte. Itsas kutsaduraren aurkako Polmar plana abian jarri du suprefeturak, ontziak 127.000 litro fuel-olio baitaramatza. 15 tona inguru isuri dira itsasora.

‘Luno’ izeneko zamaontzia bitan zatitu da Angeluko Barra eta Zaldunen hondartzen parean, Baionako portuko bokalean.

‘Luno’ merkataritza ontzia da eta ongarria garraiatzen du, baina ezbeharra gertatu denean hutsik zegoen. Atzo arratsaldean irten zen Pasaiatik eta Baionako portura zihoan, Celsa enpresara, zama jasotzera, Andre Garreta portua kudeatzen duen Merkataritza Ganberako lehendakariak azaldu duenez. 10.00ak aldera, ontziak matxura elektriko bat izan du eta jitoan geratu da; Baionatik bi atoiontzi eta portuko gidaria joan dira laguntzera eta azken hau ontzira igo da, baina haizeak eta olatuek kai-muturraren aurka eraman dute ‘Luno’ eta talka egin ondoren erdibitu egin da. Zati bat Zaldunen hondartzan geratu da eta bestea dikearen aurka.

Armadaren bi helikoptero bertara joan dira eskifaia erreskatatzera. Itsas denboralea dela-eta haize ufada eta olatu handiak zeuden eta, zailtasunak izan dituztenez, luzatu egin da operazioa. Jean Espilondo alkateak esan duenez, 10.30ak aldera marinel bat atera dute, zaurituta, eta Baionako ospitalera eraman dute, baina ez dago larri. Beste hamar arrantzaleak eta portuko gidaria 13.35 alderako erreskatatu dituzte eta hondartzan bertan Gurutze Gorriak ezarri duen postu batean artatu dituzte. Hotzak jota zeuden eta batek sudurra hautsita zuenez erietxera eraman dute.

Kutsadura ekiditeko plana abian

Poliziak segurtasun lerroa ezarri du eta Barra eta Zaldunen hondartzetarako bidea itxi egin du. Pirinio Atlantikoetako Prefeturak jakinarazi duenez, 24 orduz segurtasun perimetroari eutsiko diote. Alkatea eta Patrick Dallannes suprefeta hara joan dira, eta Frederick Cuvillier Garraio ministro frantsesa arratsalderako espero da. Ontziaren armadorea ere han da. Arratsaldean, Angeluko Herriko Etxean krisi mahaia bildu da.

Kutsadurari aurre egiteko Polmar plana abian jarri dute, izan ere ontziak 127.000 litro fuel-olio daramatza. Marea beltza izateko arriskua baztertu egin du, hala ere, Angeluko Herriko Etxeak. Erregai gehiena (70 tona) hondartuta geratu den brankan dago eta edukiontziak zigilatuta daude, Espilondo alkateak azaldu duenez. Beste 15 tona inguru kai-muturrean geratu den txopan daude, eta gainerakoa itsasora isuri da. Adituek erregai horrekin zer egin aztertu behar dute.

Brest-etik (Bretainia) Itsas Armadaren talde berezi bat joan da Angelura erregaia hustutzera. Marea behera jaisten denean erabakiko dute itsas agintariek zer egin ontziaren bi zatiekin.

Espilondok kostara ez hurbiltzeko eskatu du baina istripuak ikusmin handia piztu du eta jende ugari joan da hara, barku erdibituak utzi duen ezohiko irudia bertatik bertara ikustera.

‘Luno’ Kargaontzia Bizkaiko Murueta ontziolan eraiki zuten, 1994an, eta izen bereko enpresa bilbotarrarena da. 100,65 metroko luzera du. Hilabete egin du Pasaian matxura bat konpontzen eta atzo itsasoratu zen.