NAIZ.INFO
ZARAUTZ

2015 bukaerarako Gipuzkoako hiru zabortegiak itxita egotea aurreikusten du Aldundiak

Gipuzkoako Foru Aldundiak zabortegiak ixteko eta hondakinak kudeatzeko azpiegitura proposamena aurkeztu du. Urtetako zabortegia abenduaren 31n itxiko da, Lapatxekoa 2015eko apirilean, eta Sasietakoa, aldiz, 2015eko bukaeran.

Juan Luis Illarramendi, Iñaki Errazkin, Ainhoa Intxaurrandieta eta Amaia Guruzeta, Urtetan. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Juan Luis Illarramendi, Iñaki Errazkin, Ainhoa Intxaurrandieta eta Amaia Guruzeta, Urtetan. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Iñaki Errazkin Gipuzkoako Ingurumen diputatuak, Ainhoa Intxaurrandieta GHK-ko lehendakariak, Amaia Guruzeta Urola Kostako Mankomunitateko lehendakariak eta Juan Luis Illarramendi Zarauzko alkateak agerraldia egin dute Zarautzen, Urtetako zabortegian, hondakinak kudeatzeko Gipuzkoako Aldundiaren azpiegitura proposamena aurkeztu eta zabortegien itxiera planaren berri emateko.

Aldundiaren egitasmoak 2014-2015 bitartean konpostatze plantak, tratamendu mekaniko-biologikorako planta bat eta hondakin bizigabeetarako gordailu bat eraikitzea aurreikusten du eta, horrekin batera, gaur egungo herrialdean dauden hiru zabortegiak ixtea. 

Hala, Urtetako zabortegia 2014ko abenduaren 31n itxiko da; Lapatxekoa (Azpeitia), 2015eko apirilean; eta Sasietakoa (Beasain), berriz, 2015eko amaieran.

2016. urtean gaikako bilketa %60ra iristea finkatu du helburutzat Aldundiak. Gaika bildutako hondakinak hiru konpostatze plantatan tratatuko dira, dagoeneko lanean ari diren beira, paper eta ontzi arinen zentroez gainera.

Aldundiaren planak aurreikusten dituen azpiegitura guztien kostua 131 milioi eurokoa da eta 100 lanpostu zuzen sortzea aurreikusten dute. Gauzak horrela, Zubietako TMB planta 2014ko azaroan eraikitzen hastea aurreikusten dute, 2015eko udazkenean martxan egon dadin. Epeleko (Bergara) konpostatze planta, aldiz, 2015eko urtarrilean funtzionamenduan egongo dela aurreratu dute.

Errazkinek zabortegien irudia behin betiko baztertu da eta birziklapenaren aldeko deia egin du. «Arduraz» jokatzeko eta Aldundiaren proposamenaren inguruan adiostasunak bilatzeko ere galdegin du.

Nabarmendu duenez, egitasmo honekin Gipuzkoak hondakinak kudeatzeko «sistema osasungarri, iraunkor eta ekonomiko bat» ezarriko du, «Europako Batasunak prebentzio, berrerabiltze eta birziklatze arloan ezarritako lehentasunak erabat betetzen dituena».