Naiz.info
Donostia

Hamaika herri inauterietan murgilduta daude egunotan

Inauteriak dira, zalantzarik gabe, Euskal Herriko asteburuko agendako protagonistak. Herri eta auzo gehienetan ospatzen dira jai koloretsu hauek, mozorroak nonnahi aurki daitezke egunotan, baina tartean badira bereziki erakartzen duten hitzordu bereziak.

Tolosako inauteriak. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)
Tolosako inauteriak. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)

Euskal Herriko kaleak mozorrotuta daude egunotan. Denak ez, baina bai gehienak. Eta batzuk, jakina, beste batzuk baino mozorrotuago daude, koloretsuago, zaratatsuago... Horien artean dago Tolosa, ostegunean hasi eta asterteartera arte dantzan ibiliko den herria. Donostia, Gasteiz eta Bilbo bezalako hirietan ere egitarau aberatsak prestatu dituzte –Bilboko Konpartsek ere bai berea, urtero bezala–, baina amaigabea da euren neurriko ospakizunetan murgildurik dauden herrien zerrenda: Lekeitio, Santurtzi, Irurtzun, Leioa, Legazpia, Hazparne, Abanto, Olazti, Elizondo, Bera, Eskoriatza, Segura, Zumaia...

Urtero bezala, gainera, Goizuetan Zahagi-dantza egingo dute; Zalduondon Marquitos aterako da: Lanzten, berriz, Miel Otxin; Unanuan, mamoxarroak; Altsasun, momotxorroak; txantxoak Amezketak eta Abaltzisketan; Lesakan, zakuzaharrak; Antzuloan Sorgin dantza egingo dute; Antzar jokoa Markinan; Elegante Eguna ospatuko dute azpeitiarrek...

Zerrenda, esan bezala, luzea da...