Gotzon ARANBURU
LANTZ

Lantzeko inauteria

Duela justu mende erdi izan zen. 1964an berpiztu zen Lantzeko inauteria. Ospatzeari utzita eta ahazten hasia zegoen, behin eta berriro debekatua izan zelako, baina Caro Baroja anaiek festa hura ezin zitekeela hil uste zuten eta zeruak eta lurrak mugitu zituzten berpiztu zedin. Baita lortu ere. Ordutik ez dute kale egin Lantzekoek, eta gaur egun Euskal Herriko inauteri ezagunenetakoa da, datozen hiru egunetan ikusiko den moduan.

Miel Otxin, Lantzeko inauteriak. (GOTZON ARANBURU)
Miel Otxin, Lantzeko inauteriak. (GOTZON ARANBURU)

Nork ez du ezagutzen dagoeneko Miel Otxin gaizkilea, Lantzeko inauterian erretzen dutena? Eta Ziripot, edo Zaldiko? Bertatik bertara ikusteko aukera izan ez duenak, telebistaz edo egunkarien bidez jaso du horien berri. Izan ere, jendetza hurbiltzen da herri txiki honetara inauteri garaian, eta horietako mordo bat kazetariak eta argazkilariak dira. Baina ez da beti honela izan. Francoren diktadurak debekatu egin zituen inauteri guztiak eta debeku horrek askoren heriotza ekarri zuen; Lantzekoa hilzorian zegoela salbatu zuten Caro Baroja anaiek eta Lantzeko bizilagunek.

Ordu gutxi falta dira festa hasteko eta Isabel Baleztenak bukatu du dagoeneko bere lana. Bera arduratzen da, duela zazpi urte hasita, Miel Otxinen arropak josteaz. Aurretik Bernardina Oregi zen jostuna. Izan ere, gaizkile gizajoa erretzean haren jantzia ere kiskaltzen da, ez hala panpina erraldoiaren egurrezko egitura, oinetakoak, burua eta basurde larruak, aurrerantzean ere erabili ahal izateko. Galtza urdinak, gerriko gorria eta alkondara koloreduna, hori da Miel Otxinen jantzia. Denera, panpina eta arropak, 40 kilo, besoetan dantzan eraman beharrekoak.

Beste bi emakumek, Bitori Eugik eta Margarita Zigak, Miel Otxinen txanoa (ttuntturroa) egiten dute. Hobeto esanda, apaindu egiten dute, kartoizko kapela koniko hau ez baita erretzen, baina hain kolore biziak eta deigarriak ematen dizkioten paper puskak urtero ezartzen zaizkio. 50 urte daramatza Bitorik, inauteria berreskuratu zenetik hain justu ere, ttuntturroa apaintzen. Batari eta besteari galdezka aritu zen 1964an, baina herrian inork ez zuen gogoan kapela nolakoa zen. Puntaduna zela, besterik ez.

Herriko ostatuan bizilagun mordoxka bildu da gaur, Miel Otxin prestatzeko. Kanpoan elur bustia ari du eta barrurako hobea dago. Belar dezente behar da panpinaren gorputza egiteko, eta gainera, oso gogor estutu behar da, panpinak zutik iraun dezan. Xehetasun guztiak zaintzen dituzte ostatuan bildutako gizonek; basurde larruak josi, begiak beltzez bermargotu, katiuskak ondo lotu… Gizonek diogu eta hala da, emakumeek ez baitute Miel Otxin prestatzeko lanetan parte hartzen. Hiru ordu baino gehiago behar izan dituzte panpin handia bukatu eta ostatuko ganbarara igotzeko. Miel Otxin txikia aurretik eginda daukate, igandean umeek erabiltzeko. Sukaldean Pipe ari da, jo eta su, inauteri egunetan herritarrek irentsiko dituzten jakiak prestatzen. «Ehun litro salda egiten ari naiz gaur» diosku.

1944an ospatu zen

Lantzeko inauteria aurreneko aldiz noiz egin esaterik ez dago. XIX mendeko udal agirietan aipatzen da, hori bai. 1892ko batek «… se prohibe llebar armas bajo ningún pretesto, ni usar campanas, trompetillas, cencerros ni tambores…» dio. Esan bezala, frankismoa ezarri zenetik debekatuta egon zen Lantzeko inauteria. Garaian garaiko alkateak gogorarazi egiten zuen debekua, norbaitek tentazioa izanda ere, baina 1944an ospatu egin zen. Nolatan? Erregimenarekin oso harreman estua zuten bi adituk Lantzeko inauteria dokumentatu beharra zegoela iritzi zioten, eta hala, behin bakarrik izango bazen ere, egin egin behar zela. Esan eta izan; handik aurrera debekatuta segi zuen, beste hogei urtez. Orduko argazkiak ‘Príncipe de Viana’ aldizkarian argitaratu zituen Jose Maria Iribarrenek. Guardia zibilak azaltzen dira irudietan, Miel Otxin nola erretzen zuten begira.

1964an Pio eta Julio Caro Baroja izan ziren inauteria berriro egitea bultzatu zutenak. NO-DO izeneko laburmetraiak egiten ziren garai hartan, zinemetan pelikulen aurretik emateko, eta horietako bat Lantzeko inauteriari buruzkoa egitea otu zitzaien Baroja anaiei. Lortu zituzten beharrezko baimenak eta han azaldu ziren, herriko zaharrenei galdezka, informazio bila. Inauteriko zortzikoaren partiturarik ez zegoen, baina norbaitzuk gogoan zeukaten melodia eta kantatuz erakutsi zieten herriko txistulari bati eta soinujole bati. Herriko hogei bat gazte ere konbentzitu zituzten dantza ikasi zezaten, bi bazkari eta bi afari ordainduta, eta urte hartako otsailean grabatu zuten Lantzeko inauteria. Handik aurrera, gero eta ezagunagoa egin zen euskaldunen artean eta hemendik kanpora ere bai.

Omenaldia Pio Caro Barojari

Julio duela bederatzi urte hil zen, baina Pio bizi da oraindik, eta astelehenean Lantzen izango da, Udalak prestatu dion omenaldian parte hartzeko. Bezperan, igandean, txikien inauteria egingo da. Helduenenaren berdina da, bere Miel Otxin eta guzti. Asteartea izango da egun handia, kalejira, bazkaria, zortzikoa eta Miel Otxinen erretzea orduan egingo baitira. Pertsonaia nagusiaren aldamenean ibiliko dira Zaldiko, Ziripot, txatxoak eta perretzaileak.

Honetaz ari garela, askotan egiten den galdera: Miel Otxin pertsonaia historikoa al da? Edota imaginazioak sortua? Ezin jakin. Baina duela bi mende bazuten Lantzekoek arrazoirik gaizkileen berri izateko. Bide lapurrez josita zegoen inguru hau, eta batzuek oso gaizki bukatu zuten. Lantzen eta inguruetan hainbat ebasketa eta eraso egin ondoren, bost bide lapur atxilotu zituzten 1818an, eta horietako lau urkatu egin zituzten Iruñean. Bosgarrenari ez zioten kendu bizitza oso gaztea zelako. Hildakoen gorputzak zatitu egin zituzten eta puskak jendearen ikusgai jarri, lapurretan egindako tokietan.