Naiz.info
Berriozar

«Gazte burutakzio» topaketak antolatu dituzte Ernai eta Aitzina antolakundeek

Ernai eta Aitzina gazte antolakundeek «Gazte Burutakzio» topaketak antolatu dituzte apirilaren 17tik 20ra bitarte, «sistema kapitalista patriarkalaren kontra aritzeko» ekimen gisa. Horretarako, borroka praktiken inguruko formazio teorikoa zein praktikoa emango dute topaketetan, eskaintza kultural zabal batekin uztartuz.

Berriozarren egin dute aurkezpena. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)
Berriozarren egin dute aurkezpena. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)

Gaur aurkeztu dituzte topaketak Berriozarren. Bertan, gazte mugimenduaren «irudimenean» eta «jardunean» sinesten dutela adierazi dute, sistemaren aurkako ekintza «indartsu» bezala, eta hori modu kolektibo batean lantzeko aukera eskainiko dutela nabarmendu dute. Horretarako, tailer ezberdinak antolatu dituzte: desobedientzia  tailerra, desnormalizazio tailerra, komunikazio gerrila, sormen tailerra, kanpo proiekzioa eta taldeen mikropolitika.

Topaketen sarrerak datorren astetik aurrera jarriko dituzte salgai herrietako ohiko tokietan. Bakoitza 20 eurotan eskuratu ahal izango da eta horren barruan hiru gosari, bi bazkari, lotarako lekua eta dutxatzeko aukera egongo da, afaria zein edaria eskainiko duten txosnak ere egongo direlarik.

Topaketen inguruko informazioa zabaldu asmoz www.burutakzio.cc web orria ere zabaldu dute gazteek. Epe laburrean jakinaraziko dute, web orrian bertan, topaketen egitaraua eta berauek zein tokitan egingo diren.