Naiz.info
Madril

Asier Gonzalez aske geratu da, epaileak ezarritako 50.000 euroko fidantza ordaindu ostean

Asier Gonzalez aske geratu da, Auzitegi Nazionaleko Pablo Ruz epaileak ezarri dion 50.000 euroko fidantza ordaindu ostean. Santutxuarrak salatu duenez, guardia zibilek legez kanpoko galdeketak egin zizkioten, bere konfiantzazko abokatuarekin deklarazioa egin aurretik eta ondoren.

Asier Gonzalez, aske geratu ondoren. (@manexaltuna)
Asier Gonzalez, aske geratu ondoren. (@manexaltuna)

Asier Gonzalez gaur pasa da Pablo Ruz epailearen aurretik. Fiskalak santutxuarrari 50.000 euroko fidantza ezartzeko eskatu du, espetxea ekidin ahal izateko eta epaileak onartu egin du eskakizuna.

Horretaz gain, Estatu espainoletik irteteko debekua ezarri dio eta astero sinatzera joan beharko du. Familian, lanean eta gizartean errotuta dagoela kontuan hartu du epaileak eta ez du uste frogarik ezkutatzen ari denik.

Fidantza ordaindu ostean, 14.45 aldera aske geratu da Gonzalez.

ETAri laguntzea leporatzen dio Ruzek, baina Gonzalezek ukatu egin du erakunde horrekin zerikusia duenik. Bere izena pen-drive batean agertu izana Santutxuko herriko tabernaren eta Diman miatu zuten baserriaren arduraduna izateagatik izan daitekeela uste du.

Guardia Zibilaren esku legez kanpoko galdeketak egin zizkioten, bere konfiantzazko abokatuarekin deklarazioa egin aurretik eta ondoren.

Astearte goizaldean atxilotu zuten Gonzalez Santutxuko bere etxean, ETAri laguntzea leporatuta.

Operazioa goizaldeko 02.00etan abiatu zen eta bere etxea lau orduz miatu ondoren, auzoko herriko tabernara joan ziren, hura erregistratzera. Eguerdian amaitu ziren miaketa lanak eta Madrilera bidean jarri zuten orduan.

Inkomunikazioa altxa zioten atxilo hartu eta ordu gutxitara eta atzokoan konfiantzazko abokatuarekin deklaratu zuen guardia zibilen aurrean. Abokatuari esan zionaren arabera, jasotako tratua «zuzena» izan da.

Astearte iluntzean, ehunka lagunek manifestazio jendetsua egin zuten aipatu auzoan, Gonzalezen askatasuna galdegiteko.