NAIZ.INFO
Donostia

Laranja kolorez bete dute Donostiako Bulebarra epaiketen zikloa betiko ixtea eskatuz

Konpromiso eguna antolatu dute larunbat honetarako Donostian izan berri diren bi makroepaiketen aurka eta hurrengo hilabeetan izango direnak salatzeko. Eguerdian laranja kolorez bete dute Bulebarra eta bertan «herri erresistentziaren eta desobedientzia zibilaren» beharra azpimarratu dituzte. Herritarren konpromisoa eskatu dute «makroepaiketen eta espetxeratze etengabeen ziklo honi» amaiera emateko.

Puxika laranjaz bete dute Bulebarra herritarrek 13.00etan. (Jon URBE / ARGZKI PRESS)
Puxika laranjaz bete dute Bulebarra herritarrek 13.00etan. (Jon URBE / ARGZKI PRESS)

Amaitu berri da 35/02 sumarioko epaiketa eta asko ez dela bukatu zen gazte independentisten aurkakoa, bi epaiketetako auzipetuak izan dira eguerdiko ekitaldi nagusian Donostiako Bulebarrean hitza hartu dutenak hiriburu gipuzkoarreko Konpromiso egunaren baitan.

Denen izenean Joseba Alvarezek hitz egin du. Bertaratuei eskerrak eman dizkie eta auzipetuak ez direla ezertaz damu esan du, «ez dugu beldurrik, ez dugu lotsarik zer garen aitortzeko: militante independentista eta sozialista euskaldunak eta feministak». Bi auzien amaieran azken hitzaren bueltan jaso duten babes zabala azpimarratu du Alvarezek eta delitua zer den eta legeak zer dioenaren inguruko hitz joko batekin laburbildu du egungo egoera: «delitu politkoa independentziarako aukera ukatzea da, Espainiako Estatuan legala den arren, auzipetuontzat delitu politikoa gatazkaren kopnbideari irtenbide demokratikoa ukatzea da, hori ere legala den arren».

Madrilen izan berri diren bi epaiketetan erakutsi da, auzipetuen ustez, «talka politiko erraldoiaren atarian» gaudela eta aurrera egiteko indar metaketarako deia egin du, «guztion arten diseinatu behar baitugu askatasunera eramango gaituen herri erresistentzia eta desobedientzia zibilaren bidea».

Konpromisoek eraikitako egitaraua

Egun osorako egitaraua da Donostian gaurko antolatu dutena eta herritarren konpromisoz osatu dute. Azken asteetan konpromisoeguna.net webgunearen bidez elkarlanean osatu dute egitaraua. Haur jolasak izan dira goizean, pailazoak eta puzgarriak. Bazkari herrikoia antolatu dute eguerdiko ekimenaren osterako eta kanta herrikoiak bazkalosterako. Dantza ikastaroa ere izango da eta alde zaharreko eremu ezberdinetan, tartean tabernetan, mota guztietako kontzertuak eta ikuskizunak antolatu dituzte.