Naiz.info
Topas

Iñigo Otazua ‘Oti’, Oihana San Vicente eta Andoni Sarasola euskal presoak aske geratu dira

Iñigo Otazua ‘Oti’ preso algortarrak askatasuna berreskuratu du gaur goizean hogei urteko espetxealdiaren ondoren. Senide eta lagunek lehen harrera egin diote Topaseko kartzelan. Oihana San Vicente eta Andoni Sarasola ere kalean dira.

Iñigo Otazua, espetxetik irten den unean. (NAIZ)
Iñigo Otazua, espetxetik irten den unean. (NAIZ)

Hogei urteko espetxealdia beteta aske geratu da gaur goizean Iñigo Otazua ‘Oti’ preso algortarra. Topaseko (Salamanca) espetxean zain izan ditu senide eta lagunak irten den unean. NAIZek jakin ahal izan duenez, Guardia Zibilak kontrola jarri du kartzela aurrean eta bertaratutako senide eta lagunak identifikatu ditu.

Euskal Herrirako bidean da dagoeneko, eta arratsaldean Algortara iristea espero da.

Carabanchel, Alcala, Cuenca, Basauri eta Topaseko kartzeletan izan da bere espetxealdian. Azken hamalau urteak Salamancan eman ditu.

San Vicente eta Sarasola ere aske

Etxerat elkarteak jakitera eman duenez, beste bi euskal presok askatasuna berreskuratu dute azken orduetan. Oihana San Vicente aguraindarra eta Andoni Sarasola lesakarra kalean dira dagoeneko.

San Vicente eta Sarasola 2009an atxilotu zituzten Estatu frantesean. Lehenengoa Bretañan atzeman zuten eta, bigarrena, Alpeetan.