NAIZ.INFO
GASTEIZ

Ertzaintzak sei lagun atxilotu ditu Gasteizko campusean, presoen aldeko kontzentrazioaren ostean

Ertzaintzak sei pertsona atxilotu ditu Gasteizko campusean, preso dauden ikasleen alde egiten ari ziren kontzentrazioaren ostean. Ikasleen aurka oldartu da eta hainbat lagun zauritu ditu. Manifestazioa deitu dute, bihar, osteguna, 12.00etan.

Buruan zauritutako gazte bat. (@hara_ba)
Buruan zauritutako gazte bat. (@hara_ba)

‘Ikasle presoak klasera’ lelopean, preso dauden ikasleen eskubideen aldeko kontzentrazioa egin dute gaur eguerdian EHUren Gasteizko campuseko ikasgelategian.

Haraba.infok azaldu dutenez, elkarretaratzearen ondoren mural bat egiteari ekin diote eta, horretan ari zirela, segurtasun zaindariak «sartu dira bortizki». Kalez jantzitako poliziak campusetik ateratzen ari zen gazte batengana joan dira, «margoketak egin dituelakoan». Ikasleak esparrutik alde egin du baina, atariaren arabera, «tentsioa sortu da». Ikasle horren atzetik jarraitu dute poliziek eta beste ikasle bat atzetik abiatu da zer gertatzen zen ikusteko. Campuseko kanpoaldean zeuden poliziek atxilotu egin dute orduan.

Ekimenean parte hartzen ari ziren ikasle guztiak hurbildu dira ondoren, atxiloturik zegoen ikaskideari buruz («lurrean zanpaturik zutena») gehiago jakiteko. Harekin elkartasunean hainbat ikasle errepidean eseri dira, mozketa bat eraginez. 

Atxilotutako gaztea altxa dutenean, ikasleak ere altxa egin dira eta polizien eta ikaskidearen atzetik joan dira hauen auto ingurura. Ondoren Ertzaintza agertu da, Haraba.info-ren arabera, lauzpabost auto, patrol bat eta furgoneta bat.

Ertzainak gogor oldartu dira ikasleen aurka, kolpeka, eta hainbat lagun zauritu dituzte, haietako bat buruan (Santiago erietxera eraman dute zauriak artatzera). Azken hori eta beste bost lagun atxilotuta eraman dituzte. Lakuako komisaldegian dituzte.

Kontzentrazioa atxiloketak salatzeko

Gertatutakoa salatzeko elkarretaratzea egin dute arratsaldean Ama Zuriaren plazan ehun lagun inguruk. Biharko manifestazioa deitu dute ikasleek eguerdiko 12.00etan, Gasteizko campuseko ikasgelategitik. Ordubete beranduago agerraldia egingo dute.