@Ion_Salgado
GASTEIZ

Ertzaintzaren eta Gasteizko campuseko segurtasun zaindarien jarrera «faxista» salatu dute

Unibertsitateko segurtasun zaindariek eta kalez jantzitako ertzainek atzo izandako jarrera «faxista» salatu dute Gasteizko ikasleek. Halaber, Ertzaintzak euskal presoen aldeko elkarretaratzean parte hartu ondoren atxilotu zituen sei gazteei elkartasuna helarazi diete eguerdian egin duten manifestazioan.

Manifestazio jendetsua egin dute Gasteizko campusean. (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS))
Manifestazio jendetsua egin dute Gasteizko campusean. (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS))

«Ikasleok campusean ez dugu nahi inolako indar polizialik eta gutxiago horrelakorik, ikasleon segurtasuna bermatu beharrean ikasleak jipoitzera eta atxilotzera datorren poliziarik», azpimarratu dute manifestazioa bukatu ondoren egin duten prentsaurrekoan.

Atzo atxilotu zituzten sei ikasleei elkartasuna adierazi eta datorren astean zenbait ekintza antolatuko dituztela iragarri dute, Ertzaintzaren eta segurtasun zaindarien jokabidea salatzeko. Hala, asteartean kalejira batean parte hartzeko deia egin diete Arabako EHUko campuseko ikasleei, eta asteazkenerako ‘Ekin Gerora Marrazteari Burrunbada’ antolatu dutela iragarri dute. Bukatzeko, egun horretan bertan ikasle greba orokorra antolatuko dute.

«Gasteizko campuseko ikasle guztiok zaudete gonbidatuta ekintzetan parte hartzera, greba burutzera eta gurekin batera geroa marraztera. Espero dugu, indar polizial faxista horiek bakean uztea eta behingoz campusetik botatzea», amaitu dute.

Manifestazioa campuseko hainbat fakultatetatik pasa da. Las Nives eraikinetik atera da, ‘Erasoen aurrean ikasleria gogor. Indar polizialak campusetik at!’ lelopean.