NAIZ.INFO
IRUÑEA

Euskaraz bizi nahi dutela aldarrikatu dute milaka pertsonak Iruñeko kaleetan barrena

Milaka lagunek manifestazio jendetsua egin dute Iruñeko kaleetan, Nafarroako Gobernuaren «erasoen» gainetik euskarazi bizitzeko eskubidea dutela aldarrikatzeko.

Antolatzaileen arabera, 10.000 lagunek hartu dute parte «Gurea Lingua Navarrorum-a. Euskaraz bizi nahi dugu» lelopean egin den manifestazioan. Udaltzaingoak 6.000 lagun izan direla adierazi du.

Norbanakoen ehunka atxikimenduz gain, eragile politiko, sozial eta sindikal ugariren babesa izan du manifestazioak.

Antoniutti parketik abiatu da mobilizazioa, eta Gaztelu plazan bukatu den arte, etengabeak izan dira euskaraz bizitzearen aldeko leloak. «Barcina entzun, Nafarroa euskaldun», «Euskara, hizkuntza ofiziala» edo «Euskaraz bizi nahi dugu» izan dira leloetako batzuk.

Manifestazio bukaeran, antolatzaileek gogor gaitzetsi dute Gobernu nafarraren hizkuntza-politika, eta euskararen aurkako erasoetako hainbat aipatu dituzte, hala nola, Vascuencearen Legeak inposatzen duen zonifikazioa, D ereduaren aurkako kanpaina, Euskalerria Irratiari lizentziarik ez emateko «trikimailuak» edota ETB Iruñerrian digitalean ikusteko oztopoak.

Egoera honen aurrean, euskaraz bizitzeko eskubidea bermatuko duen politika «eraginkorra» galdegin dute, euskararen normalizazioa bermatzeko.

Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok ere hitza hartu du manifestazioaren bukaeran, eta eguraldiak askorik lagundu ez duen arren, jendearen parte-hartzea nabarmendu nahi izan du.

Nafarroak behar duen aldaketa sakona gauzatzeko bidean, hizkuntza politika aldatzearen beharra ere azpimarratu du Bilbaok.

«Guretzat aldaketak badu bereizgarri bat: Nafarroan ez da benetako aldaketarik izanen gu guztiok kontuan hartuko gaituen hizkuntza politika bat abiarazten ez bada», esan du.