NAIZ.INFO

Durangoko bonbardaketaren biktimak omendu dituzte, 77. urteurrenean

Durangoko bonbardaketaren 77. urteurrenean, biktimak omendu dituzte gaur bertako hilerrian.

Esteban Cuevas, bonbardaketaren lekukoa, lore sorta jarri aurretik. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
Esteban Cuevas, bonbardaketaren lekukoa, lore sorta jarri aurretik. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Durangoko hilerrian dagoen monolitoan, ekitaldia egin dute eguerdian bonbardaketaren biktimak omentzeko, 77. urtemugan. 1937an, gaurko egunez, goizeko 8.00etan hasi zen Francoren aliatu zen Italiako Aire Armada Durango bonbardatzen eta iturri batzuen arabera ia 300 hildako eragin zituen.

Ekitaldian bonbardaketaren lekukoak izan dira, Durangoko Udaleko, Bizkaiko Batzar Nagusietako eta Lakuako Gobernuko ordezkariekin batera. Durangoko institutuko hainbat ikaslek ere parte hartu dute; erasoari buruzko testu bat eta Lauaxetaren olerki bat irakurri dituzte eta biktimen izenak oroitzen dituen plakan marrazki bat utzi dute.

Omenaldian minutuko isilunea gorde dute eta Aitziber Irigoras alkateak hartu du hitza. Loreak ere utzi dituzte biktimen omenez. Ekitaldia soprano batek itxi du.

Omenaldiaren aurretik, goizean, Durangoko lehen hezkuntzako ikasleek horma-irudi bat margotu dute.