NAIZ.INFO
DONOSTIA

Uda aurretik, 17 Zero Zabor herri izango ditu Gipuzkoak

Berastegi, Lizartza, Alkiza eta Leaburu-Txarama herriak Zero Zabor bihurtuta, Gipuzkoan 11 dira orain sortutako materia organiko guztia herrian bertan tratatzen dutenak. Uda iritsi aurretik, beste sei udalerrik ere bide bera hartuko dutela aurreratu du Aldundiak.

Tolosaldeko beste lau udalerri Zero Zabor herri bihurtu dira: Berastegi, Lizartza, Alkiza eta Leaburu-Txarama. Hain zuzen ere, sortutako materia organiko guztia herrian bertan tratatzen hasi dira. Gainerako zatiki guztiak ere gaika biltzen dituztenez, ez dute ia errefusa sortuko lau udalerri horietan.

Lau hauekin, 11 Zero Zabor herri daude gaur egun Tolosaldean. Eskualdeko eta Euskal Herriko lehenengoa Orendain izan zen, eta ondoren etorri ziren Orexa, Elduain, Berrobi, Amezketa, Altzo eta Aduna. Uda baino lehen Asteasu eta Belauntza ere hasiko dira organiko guztia herrian bertan konpostatzen, eta Urola Erdiko beste lau herrik ere bide bera hartuko dute: Beizama, Bidania-Goiatz, Errezil eta Aizarnazabal. Hartara, hiru hilabeteren buruan, 17 Zero Zabor herri izango ditu Gipuzkoak.

Hamazazpi herri horietan ia 9.000 lagun bizi dira. Berastegi da mila biztanle baino gehiago dituen Gipuzkoako lehen Zero Zabor herria, eta ondoren, Asteasu batuko zaio.

Iñaki Errazkin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak oso balorazio ona egin du Zero Zabor herrien dinamikaz. «Herri horiek guztiak izugarrizko aurrerapausoa ematen ari dira hondakinen kudeaketa egokiaren bidean. Lehen, ez zuten materia organikoa biltzeko sistemarik eta birziklapena borondatezkoa zen; orain beste sistema batera egin dute salto, non birziklatzea betebehar moduan ulertzen duten eta non organikoa herrian bertan konpostatu eta erabiltzen duten».

Zero Zabor herriek lurralde osoari ekarpen handia egiten diotela adierazi du foru diputatuak. «Herri txikiak dira gehienak, nahiz eta mila biztanle baino gehiagoko udalerri bat dugun orain. Baina ez dugu ahaztu behar herri txiki horiek 9.000 herritarren organiko guztia kudeatzen dutela eta baliabideak aurrezteko aukera ematen diotela Gipuzkoari».

Datozen hilabeteetan beste udalerri batzuek bide bera hartzea espero duela adierazi du Errazkinek.

Lasarte-Oria

Beste alde batetik, Lasarte-Oriako Udalak bosgarren edukiontzia ezartzea erabaki du. EAJk, PSEk, PPk eta Herritar Plataformak aldeko botoa eman dute eta Bildu abstenitu egin da.