NAIZ.INFO
IRUÑEA

German Rubenach preso iruindarra aske geratu da

Espetxean 24 urte eman ondoren, German Rubenach Roiz preso iruindarra Cadizeko Puerto III espetxetik atera da, Etxerat elkarteak jakinarazi duenez.

German Rubenach preso iruindarra, espetxetik atera berritan. (@EtxeratElkartea)
German Rubenach preso iruindarra, espetxetik atera berritan. (@EtxeratElkartea)

German Rubenach preso iruindarrak iazko irailean atera behar zuen espetxetik, baina hilabete batzuk lehenago, otsailean, 197/2006 doktrina ezarri zioten, kaleratzeko data 2020. urtera arte atzeratuz.

Iragan urrian, aldiz, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren epai irmoak bertan behera utzi zuen zigorrak luzatzea ahalbidetzen zuen doktrina hura. Hamarka euskal preso atera ziren ebazpena eman eta hurrengo asteetan.

Puerto III espetxetik atera da iruindarra, 1990. urtetik espetxean egon dena.

Irunberriko gertakarietan atxilotu zuten Rubenach, oso larri zaurituta. Susana Arregi eta Jon Lizarralde ETAko kideak eta Jose Luis Hervas guardia zibila zendu ziren han, inoiz argitu ez den pasarte batean.