Arantxa MANTEROLA
Lekorne

Euskal Herrian agroekologia lantzera dei egin du EHKOlektiboak

Zortzi urte egitasmoa hausnartzen eta lantzen igarota, EHKOlektiboak ofizialki Euskal Herri osoko elkarte bilakatu dela jakinarazi du, gaur goizean, bere egoitza izango den Lekorneko Garro eremuan.

EHKOlektiboko kideak, gaurko agerraldian. (Arantxa MANTEROLA)
EHKOlektiboko kideak, gaurko agerraldian. (Arantxa MANTEROLA)

Nekazaritza bio-ekologikotik harago, agroekologiaren irizpideetan oinarritutako eredua bultzatzea du xede EHKOlektiboak. Ekoizteko moduez edo teknikez gain, irizpide ekologikoak, sozioekonomikoak, soziopolitikoak eta kulturalak ere kontuan hartzen dituen kontzeptu zabala da agroekologia. Hala, besteren artean, bertako ekoizpenak bertan kontsumitzea, bide laburreko banaketa sustatzea, harreman zuzena izatea, baldintza sozial duinak bultzatzea, giza-neurriko baserriak edota laborariak ekoizpenean, eraldaketan eta salmentan erabakiak hartzeko gaitasuna izatea dira EHKOlektiboak eraiki nahi duen ereduaren oinarri nagusiak.

Egitasmora batutako laborariek identifikatzaile bat izango dute. Ez da, haatik, kalitate marka edo label bat izango, arestian aipatutako irizpideak betetzen dituen  etxaldeari edo baserriari emango zaion identifikatzaile bat baizik. Onarpen batzorde batek egiaztatuko ditu etxaldeak hartutako engaiamenduak betetzen dituen.

Laborantza esparruan zuzenean dihardutenez gain, agroekologia «kolektiboki» landu behar den proiektua dela nabarmendu dute. Horrenbestez, dei egin diete bai ekoizleei, baita egitasmoaren helburuekin bat datozen herritar orori ere, «erronka handi» honetara atxikitzera.