Arantxa MANTEROLA
BAIONA

Estatu frantsesean ere 25 presok eskatu dute hurbiltzea

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak hartutako erabakia gauzatzen hasi da Estatu frantsesean ere bai. Dagoeneko hamar urte baino gehiago preso daramaten eta EPPKren ordezkaritzako kide direnek Euskal Herritik gertuen dagoen espetxeetara lekualdatzeko eskaera formala egin dute. Guztira 25 dira eskakizuna bideratu dutenak.

Maritxu Paulus, Amaia Rekarte eta Miren Illarreta abokatuak. (NAIZ.INFO)
Maritxu Paulus, Amaia Rekarte eta Miren Illarreta abokatuak. (NAIZ.INFO)

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) hartutako erabakia gauzatzen hasi da Estatu frantsesean ere bai, espainiarrean otsailean egin bezala. Hamar urte baino gehiago preso daramaten eta EPPKren ordezkaritzako kide direnek Euskal Herritik gertuen dagoen espetxeetara lekualdatzeko eskaera formala egin dute. Guztira 25 dira, lege-prozedurari jarraiki, norbera dagoen presondegiko zuzendaritzari eskakizuna bideratu diotenak.

Hala jakinarazi dute, gaur goizean, Amaia Rekarte, Maritxu Paulus-Basurko eta Miren Illarreta abokatuek.

Bi hilabeteren buruan, eskaerok Justitiza Ministerioaren aldetik erantzuna jaso beharko lukete. Horrela ez balitz edo ezezkoa izatekotan, Espetxe Zuzendaritza zertan arrazoitzen den eskatzeko aukera dago.

Egun 105 euskal preso politiko daude Estatu frantsesean, 32 espetxetan barreiatuta. Horietatik bi bakartuak daude, Tarascon eta Roueneko presondegietan. Hiru preso daude 20 urte baino gehiago espetxean daramatzatenak.

70 urte baino gehiago duenik ez da eta eritasun larria duen preso bakarra dago, Ibon Fernandez Iradi. Hain zuzen, bere zigorra eteteko eskaera pausatu ostean, datozen egun edo asteetan jaso beharko luke erantzuna.