NAIZ.INFO
IRUÑEA

Santiago Cerveraren aurkako ahozko epaiketa zabaltzea agindu du epaileak

Iruñeko 2. Instrukzio Epaitegiko epaileak Santiago Cervera PPko diputatu ohiaren aurkako ahozko epaiketa zabaltzeko agindua eman du, Jose Antonio Asiain CANeko presidentearen aurkako ustezko xantaia kasua dela-eta.

Santiago Cervera, bere abokatuarekin batera, Iruñeko epaitegiaren atarian, artxiboko irudi batean. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)
Santiago Cervera, bere abokatuarekin batera, Iruñeko epaitegiaren atarian, artxiboko irudi batean. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)

Jose Antonio Asiain CANeko presidente ohiak, akusazio gisa, hamalau hilabeteko espetxe zigorra eskatu du Cerverarentzat, bitartean Fiskaltzak, defentsak eta Kontuz! elkarteak auzia artxibatzeko galdegin dute, ‘Diario de Navarra’ eta ‘Diario de Noticias’ egunkariek argitaratu dutenez.

Iragan martxoaren 18an ‘Cervera auziaren’ ikerketa bukatu ondoren iritsi da ahozko epaiketa irekitzeko autoa. Fermin Otamendi epaileak ondorioztatu zuen PPko diputatu ohiak xantaia egin izanaren zantzuak daudela.

2012ko abenduaren 9an atxilotu zuen Cervera guardia zibilak, Iruñeko harresi batean ezkutatuta zegoen gutunazal bat hartu zuenean.

Lau egun lehenago, Nafarroako Kutxako presidente Jose Antonio Asiainek mezu anonimo bat jaso zuen, zirrikitu horretan 25.000 euro utz zitzala exijituz, CANi buruzko informazio bat publiko egiteko mehatxua eginez. Arrazoi honengatik salaketa jarri zuen Asiainek.

Cerverak, bere aldetik, dio berak ere anonimoa jaso zuela, eta Nafarroako Kutxaren agiri batzuk jasotzera gonbidatu zutela. Berari ere «tranpa» jarri ziotela argudiatu zuen.

Martxoko autoan epaileak adierazi zuen inputatuta dagoen diputatu ohiak ez zuela azalpen sinesgarririk eman.

Fiskaltzak, aldiz, auzia artxibatzeko eskatu zuen, Cerveraren aurkako auzia aurrera eramateko froga nahikoa ez dagoela argudiatuta.