NAIZ.INFO
IRUÑEA

Gau bat atxilotuta eta isuna, Lizarran guardia zibil bati plaka zenbakia eskatzeagatik

Guardia Zibilak gazte bat atxilotu zuen Lizarran, astelehenean, miatu behar zutenean plaka zenbakia eskatzeagatik. Iruñean atxilo pasa zuen gaua eta 90 euroko isuna ezarri diote, «aginteari desobedientzia» egitea egotzita.

Lizarrako epaitegi aurrean elkarretaratzea egin zuten zenbait herritarrek. (NAIZ.INFO)
Lizarrako epaitegi aurrean elkarretaratzea egin zuten zenbait herritarrek. (NAIZ.INFO)

Lizarrako herritarrek salatu dutenez, astelehenean Guardia Zibila herriko alde zaharrera gerturatu ziren han zueden gazteak miatzeko asmotan.

Arakaketak egiten hasi zirenean, gazteetako batek plaka zenbakia erakusteko eskatu zion guardia zibil bati eta, azaldu dutenez, orduan atxilo hartu zuten.

Lizarrako kasernara eraman zuten, «desobedientzia» delitu bat egotzita. Herrian ziegarik ez dutenez, Iruñera eraman zuten gaztea eta atxilotuta eman zuen gaua.

Atzo, asteartea, Lizarran epaiketa azkarra egin zen gaztearen aurka eta 90 euroko isun bat ezarri zioten, «desobedientzia» falta batengatik.

Herritar talde batek elkarretaratzea egin zuen epaitegi aurrean, «Utzi Lizarra bakean! Alde hemendik!» lelopean.