NAIZ.INFO
IRUÑEA

Ehunka gazte bildu dira Altsasun, «burua eta akzioa» uztartzeko

Nafarroako Gobernuak ezarritako trabek egitarauaren moldaketa behartu duten arren, gaurtik hasi eta igandera bitartean, ehunka gazteren topaleku izango da Altsasu. Eguerdian egin duten ekitaldiak eman dio hasiera ofiziala Gazte Burutakzioa topaketari. Ondotik etorri dira gustu guztiak asetzeko moduko tailer eta ekimenak, giro ederrean burutu direnak.

Gazte talde bat, Altsasun. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)
Gazte talde bat, Altsasun. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)

Goizeko lehen ordutik ehunka gazte iritsi dira Altsasura, Burutakzioa topaketetan parte hartzeko.

Topaketak egun bateko atzerapenarekin hasi dira, Nafarroako Gobernuak ezarri zituen trabek behartuta.

Herrira iritsi bezain pronto, eguraldia lagun, kanpalekua denda eta motxilaz bete dute 1.200 gazte inguruk.

Eguerdian egin dute hasierako ekitaldia, txiki geratu duen Iñigo Aritza ikastolako frontoian.

Ernaiko bozeramale Maialen Etxeberriak eta Aitzina gazte erakundeko Koldo Etxegaraik hartu dute hitza, parte hartzaileei ongietorria emateko.

«Burujabetza ezin da hutsean geratu; izan gaitezen iraultzaren motore, irudimenaren ardatz eta egin dezagun aurrera!», esan die Etxeberriak.

Ondoren, gazteak lau taldetan banatu dira, eta gai desberdinen inguruan egin dituzte hausnarketak.

Askotariko tailerretan parte hartzeko aukera izan dute gero gazteek: Nekane Juradoren tailerra, auzolanaren ingurukoa; Ander Lipusena, Mintza eta Ekintza izenekoa; eskalada tailerra, «hackergintza»...

Ekimen horien guztien ondotik, aisialdirako tartea izan dute gazteek eta kontzertuek emango diote bukaera lehen egunari.

Ernai eta Aitzina gazte erakundeek aurreneko egunaren balorazio «oso positiboa» egin dute, «oztopoak oztopo, egueraldia lagun, bildutako gazte kopurua, zein bertaratu direnen gogoa eta indarra ikusita, Euskal Herrian eta hemen, Altsasun, burua eta akzioa uztartzeko irrikaz den gazteria badela argi geratu baita».