NAIZ.INFO
BAIONA

Euskal Herrian «lan, bizi eta erabakitzeko» eskubidea aldarrikatu dute Larresoron

«Euskal Herrian erabaki! Zazpiak bat!» lemapean, eta Aberri Egunaren harira, Abertzaleen Batasunak, Alternatibak, Aralarrek, EAk eta Sortuk ekitaldi bateratua egin dute Larresoron. «Borondate arrotzen gainetik» euskal herritarren erabakitzeko eskubidea aldarrikatu dute.

Rebeka Ubera, Larresoroko ekitaldian, atzean beste alderdietako kideak dituela. (Sylvain SENCRISTO/ARGAZKI PRESS)
Rebeka Ubera, Larresoroko ekitaldian, atzean beste alderdietako kideak dituela. (Sylvain SENCRISTO/ARGAZKI PRESS)

Mukuru betetako Larresoroko Herriko Salan egin dute ekitaldia aipatu bost alderdi abertzaleek, erabakitzeko eskubidea eta burujabetza ardatz harturik.

Alderdien izenean Rebeka Uberak eta Anita Lopepek adierazi dutenez, 2014. urtea Eskozia eta Katalunian «etorkizunaren urtea» dute, «etorkizuna erabaki ahal izango duten urtea». Hala ere, demokraziaren ikuspuntutik bi eredu desberdin ikusten dituztela argitu dute alderdi abertzaleotako ordezkariek.

Britainia Handiak eskoziarrei erabakitzeko eskubidea aitortzen dien bitartean, «Espainiak ez die katalanei eskubide berbera onartzen eta, zentzu horretan, Hegoaldeko euskal herritarrok arazo berdina daukagu».

Era berean, Ipar Euskal Herrian «frantziar jakobinismoa ere oztopo» da bide horretan, nahiz eta azken hauteskundeek erakutsi duten abertzaletasuna indartuz doala –zenbait hautetsi ere presente egon dira Larresoroko agertokian–. 

Hortaz, nabarmendu dute Euskal Herrian ere, testuinguru propioarekin, erabakitzeko eskubidea dela jokoan dagoena, «baina baita ere euskal herritarron erabaki eskubidea; Euskal Herrian lan, bizi eta erabakitzeko eskubidea».

«Borondate arrotzen gainetik, euskal herritarrok gure etorkizuneko gizartea nolakoa izango den erabakitzeko eskubidea bilatzen dugu, bai Iparraldean, bai EAEn eta Nafarroan», azpimarratu dute. 

Eskubide hori ardatz harturik, nazio mailako aliantzan bildurik dauden bost alderdiek lau mezu nabarmendu dituzte.

Alde batetik, «zatiketa eta ukazio guztien gainetik», konpromisoa adierazi dute Euskal Herriaren eraikuntzaren alde lan egiteko.

«Benetako bakea»

Bestetik, «benetako bakea eta konponbide politikoa» aldarrikatu dituzte: «irabazlerik gabeko bakea, desberdinen arteko elkarbizitzan sakontzen lagunduko duena». 

Bide horretan, dei egin diote eragile eta erakunde orori, normalizazio politiko eta sozialaren alde. «Gatazkaren ondorioak gainditzeko denok daukagu ekarpenak egiteko beharra, eta borondate ezak konponbidea atzeratzea eta sufrimendua areagotzea besterik ez du ekarriko», azpimarratu dute.

Hirugarrekin, «kapitalaren eta merkatuen menpekotasunetik aldenduko» den bestelako gizarte eredu bat galdegin dute.

Azkenik, «eredu propioaren oinarri gisa, herri ezaugarri nagusia eta funtsezko zutabea dena» aldarrikatu dute, hau da, euskara.

Bost alderdiek azpimarratu dute euskarak ofiziala izan behar duela Euskal Herri osoan. «Aldarri honen defentsa aniztasunaren onarpenetik egiten dugu, Euskal Herriak aniztasuna berezkoa eta beharrezkoa duelako», esan dute Uberak eta Lopepek.

«Hain zuzen ere, euskara integraziorako tresna gisa ulertzen dugu, mendeetan zehar errealitate anitzak lotzeko haria izan baita eta etorkizuneko bizimodurako tresna baliagarri bihurtu nahi dugulako», gaineratu dute.

Bost alderdiek plazaratutako manifestuaz gain, Agustin Alkhat kantaria, Maddalen Arzallus eta Eneritz Zabaleta bertsolariak eta Donibane Lohizuneko dantzariak ere izan dira Larresoron.