NAIZ.INFO
IRUÑEA

Udalbiltzako hautetsiek euskal ikurrak jaso dituzte Iruñean

Udalbiltzako hainbat hautetsi Iruñeako udaletxe plazan bildu dira euskal ikurren aldeko ekitaldi instituzionalean eta sinboloen normalizazioa bultzatzeko lan egingo dutela ezagutarazi dute.

Udalbiltzak Iruñeako Udaletxe plazan burutu du ekitaldia. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)
Udalbiltzak Iruñeako Udaletxe plazan burutu du ekitaldia. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)

Ekitaldiaren hasieran, Patricia Perales Iruñeako zinegotziak, Aberri Eguna izan du hizpide eta «munduaren aurrean zer garen agertzeko» eta «euskal herritarrak izateaz harro azaltzeko» eguna dela nabarmendu du. Ildo horretan, «zer izan nahi dugun aldarrikatzeko» eguna dela esan azpimarratu du: «eskubideen subjektu diren euskal herritar libreak».

Udalbiltzako hautetsiek Nafarroa Garaian euskal sinboloek jasaten duten debekua «penaz eta kezkaz» ikusten dutela esan du eta aldi berean, Hego Euskal Herriko udal guztietan Espainiako banderaren «inposizioa» jasaten ari direla salatu du. «2014ko Aberri Egunean aldarrikatzen dugun Euskal Herrian ez dugu identitate inposaturik nahi, ezta bandera zapaldurik ere», nabarmendu duenez.

Udalbiltzako hautetsiek beren konpromisoa agertu dute «sinbolo ofizialen erabilera demokratizatzearen alde, herritar guztiek beren burua ikus dezaten ikur horietan, diskriminaziorik gabe, bazterketarik gabe». Horrekin batera, hautetsiek ikurrina eta Nafarroako bandera jaso dituzte udaletxeko plazan.

«Pertsona libreen unea»

Ondoren, Euskal Herriko Udal eta Udal Hautetsien Biltzarrak 2014ko Aberri Egunaren karietara onartutako ebazpena irakurri du Mertxe Aizpuruak, Udalbiltzako lehendakariak. Eta Udalbiltzaren 1.425 hautetsien izenean «pertsona libreen unea» dela azpimarratu du.

Etxarri Aranatzen burutu zen galdeketa aipatu du eta Udalbiltzaren hautetsiek herri kontsultei sostengua ematen diotela gogoratu du. Erabakitze eskubidearen alde ekainaren 8an burutuko den giza katea eta Kataluniako eta Eskoziako galdeketak ere gogoan izan ditu.