NAIZ.INFO
DONOSTIA

Artikoa urtuz gero, Kontxako hondartza desagertu egingo dela ohartarazi du Greenpeacek

Greenpeace erakundeak ohartarazi duenez, Kontxako hondartza, Marbella edo Benidorm desagertu egin litezke mende honetan, Artikoaren urtzearen eta klima aldaketaren eraginez.

Greenpeacek ‘España: hacia un clima extremo. Riesgos de no frenar el cambio climático’ txostena plazaratu du gaur, Lurraren Eguna dela-eta. Artikoaren urtzeak Estatu espainolean izango lituzkeen ondorioez ohartarazten du erakunde ekologistak txosten horretan.

Pilar Marcos erakundeko ordezkariak azaldu duenez, itsasoaren maila zentimetro bat igotzen den bakoitzeko, metro bat hondartza galtzen da. Beraz, Nazio Batuen Klima Aldaketari buruzko Gobernu Arteko Taldearen (IPCC) aurreikuspen txarrenak beteko balira eta Artikoa erabat urtuko balitz, itsasoaren maila zazpi metro igoko litzateke eta, ondorioz, 700 metro hondartza galduko lirateke.

Itsasoaren maila igotzeak ekarriko lituzkeen ondorioez jabearazteko, Donostia, Benidorm eta Marbellarekin egindako argazki muntaia egin du Greenpeacek. Urpean eta olatuek suntsituta ageri dira Kontxako hondartza eta Mediterranioko bi hiriak.

Hori gerta ez dadin, neurriak hartzeko eskatu dio Greenpeacek Gobernu espainolari eta Artikoarekiko duen jarrera berrikusteko galdegin dio, han negoziorik egin ez dezan.