NAIZ.INFO
DONOSTIA

Gizartearen babesari esker independentzia eraikitzen ari dela dio EH Bilduk

Euskal gizartea independentziarako bidea «egunez egun» egiten ari dela nabarmendu du EH Bilduk aurtengo Aberri Egunaren balorazioa egiteko orduan. Igandeko argazkiak «gizartea erabakitzeko eskubidearen bidean» dagoela erakusten du koalizioaren ustez.

Maite Ubiriak eta Maiorga Ramirezek egin dute Aberri Egunaren balorazioa EH Bilduren izenean. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Maite Ubiriak eta Maiorga Ramirezek egin dute Aberri Egunaren balorazioa EH Bilduren izenean. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Arrakasta hitza erabili du EH Bilduk aurtengo Aberri Eguna baloratzeko orduan, arrakasta parte-hartze handiagatik eta Euskal Herriaren independentzia «alderdi politikoen laguntzaz baina batez ere jendartearen babesari esker eraikitzen ari dela» ikusi zelako bai larunbatean Larresoron egin zen ekitaldian baita igandean Iruñean ere.

Koalizioak nabarmendu duenez, independentzia «ez da dagoeneko ideia abstraktua. lehen baino berandu gauzatuko den proiektu bideragarria baizik», eta horri esker «estatuak ere independentismoaren agenda kontuan izatera behartuta daude».

Katalunia eta Eskoziako kasuak Euskal Herriarentzat erreferentzia izango direla onartuta, horrek ez du Euskal Herriaren bidea markatuko EH Bilduren iritziz, Euskal Herriaren independentzia «hemendik baino ezin delako eraiki, euskal jendartearen beharrei erantzungo dien errepide orri propioarekin».

«Konstituzioan eta estatutuetan agertzen diren mugarik gabe erabakiko dugu, kanpoan jarritako edo barruan sortutako mugarik gabe», adierazi du. Madrili begira egoteak «inolako zentzurik» ez duela uste du, «ezin dugu onartu gure herriaren borondatea disolbatzea eta ukatzea».

Horren aurrean, «gure bidea egin behar dugu, benetako edukiak eta urratsak mahai gainean jarriz, herriaren erabakitzeko eskubidea onartzen dutenen artean gehiengo demokratikoak eraikiz eta eragile ezberdinen artean akordioak sendotuz».

Aurtengo Aberri Egunaren argazkiak, ildo horretan, «gizartea erabakitzeko eskubidearen bidean dagoela» erakusten du EH Bilduren aburuz.