Naiz.info
Donostia

‘Gernika Lemoizen’ emanaldia estreinatuko da ostegunean Donostiako Victoria Eugenian

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Mikel Laboa Katedrak ‘Gernika Lemoizen’ izenburuko dantza emanaldi eta bideolanaren estreinaldia eramango du ostegunean Donostiako Victoria Eugenia antzokiko Club aretora.

Carretta eta Gorostidi dantzariak, Juan Gorostidi ekoizlearekin. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Carretta eta Gorostidi dantzariak, Juan Gorostidi ekoizlearekin. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Ikuskizuna Donostian aurkeztu dute gaur Garazi Lopez de Etxezarreta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendari nagusiak, Juan Kruz Igerabide EHUko Mikel Laboa Katedrako zuzendariak, ikuskizunean parte hartzen duten Manuela Carretta dantzariak eta Irati Gorostidi bideogileak, eta Juan Gorostidi ekoizleak.

Mikel Laboaren musikan oinarritutako Manuela Carretta italiar dantzari flamenko garaikideak egingo duen zuzeneko dantza ikuskizunak eta Irati Gorostidik egindako ‘Gernika Lemoizen’ bideo sorkuntzaren estreinaldiak osatuko dute emanaldia.

Gorostidirena Lemoizko zentral nuklear zaharraren esparruan grabaturiko bideolana da, eta Mikel Laboarenm ‘Gernika’ konposizioaren interpretazio berri bat proposatzen du. Gorostidik 2010ean EHUk Mikel Laboaren omenez antolaturiko bideo arloko lehen saria irabazi zuen.

Emanaldia ostegun honetan, apirilaren 24an, Donostiako Victoria Eugenia antzokiko Club aretoan izango da, 20:00etan. Sarrera librea da, baina gonbidapena beharko da, eta antzokiko leihatilan jaso ahal izango dira egun berean, 17:00etatik aurrera.