Naiz.info
Ordizia

Lehen sektorearen lana goretsi dute Ordiziako Artzai Egunean

Ruben Trincado sukaldariak eman dio ofizialki hasiera Idiazabalgo gaztaren denboraldi berriari Ordizian egindako Artzai Egunean.

Artaldeak Ordiziako kaleetara jaitsi dira gaur. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Artaldeak Ordiziako kaleetara jaitsi dira gaur. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Ardiak eta artzainak izan dira gaurkoan protagonista nagusi Ordiziako Artzai Egunean. Urtero legez, ardi erakusketa egin da bertan eta Idiazabal gaztaren denboraldi berriari eman zaio hasiera.

Aurtengoan Ruben Trincado Mirador de Ulia jatetxeko sukaldariak ireki du denboraldiko lehen gazta. «Ardiekin egon, gazta egin eta jatetxe batean lan egiteko aukera izan dut. Hau bakarrik falta nuen eta niretzat ohore bat da», adierazi du Trincadok. Berarekin batera izan dira ekitaldian Aizpea Oihaneder (Xarma) eta Karlos Arguiñano sukaldariak ere, baita Ordiziako alkate Igor Eguren eta Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitano ere.

Azken biek lehen sektorearen lana goretsi dute hitzartzean. Egurenek artzain eta baserritarren lana goraipatu du, eta Garitanok lehen sektoreak Euskal Herrian duen garrantzia azpimarratu du.