NAIZ.INFO
IRUÑEA

Fiare-Banku Etikoarekin eta Herrikoarekin lankidetza hitzarmena sinatu du Udalbiltzak

Fiare-Banku Etikoak eta Herrikoa arrisku kapitaleko elkarteak bat egin dute Pirinioen garapen proiektuarrekin. Hautatutako zenbait proiektuk bi entitate horien kredituak jasotzeko aukera izango dute lankidetza hitzarmen horren ondorioz.

Udalbiltza, Fiare eta Herrikoaren arteko lankidetza hitzarmenaren aurkezpena, Iruñean. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)
Udalbiltza, Fiare eta Herrikoaren arteko lankidetza hitzarmenaren aurkezpena, Iruñean. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)

Mertxe Aizpurua Udalbiltzako lehendakariak eta Euskal Herriko Garapen eta Kohesio Fondoko kide den Igor Aldalurrek lankidetza hitzarmenak aurkeztu dute Iruñean. Haiekin batera izan dira Peru Sasia eta Juan Garabi, Fiare-Banku Etikoki lehendakari eta zuzendaria, hurrenez hurren, eta Marie-Claire Sallaberry, Herrikoa elkarteko zuzendaria.

«Fiare eta Herrikoa bezalako entitateek zeregin funtsezkoa dute gure udalerrien garapen ekonomiko eta sozialean, eta Udalbiltzatik indartu egin nahi dugu guztion artean egin beharreko lan hori, programa berrietan gauzatu dadin», esan du Aizpuruak.

Horrez gain, Euskal Herri osoko herritarren babesa galdegin du Aizpuruak, garapen proiektu horiek aurrera eramateko.

Lankidetza hitzarmenaren ondorioz, Fiare eta Herrikoa ‘Euskal Pirinioetan lan eta bizi’ garapen proiektuaren ebaluaziorako batzordean sartu dira.

Garapen eta Kohesio Fondoak ekainean jakinaraziko du aurkeztutako 66 proiektuetatik zeintzuk izango diren dirulaguntza jasoko duten 20 egitasmoak (120.000 euro, osotara). Gainera, Fiare eta Herrikoa ekimenekin sinatutako hitzarmenari esker, entitate horiek kreditua emateko aukera izango dela jakinarazi dute, haien finantzaketarako irizpideak betetzen dituzten proiektuen artean.