NAIZ.INFO
DONOSTIA

Juan Mari Olano aske geratu da

Juan Mari Olano aske geratu da gaur goizean, zortzi urteko espetxealdia bete ostean.

Juan Mari Olano, kartzelatik atera berritan. (NAIZ.INFO)
Juan Mari Olano, kartzelatik atera berritan. (NAIZ.INFO)

Juan Mari Olano Villenako espetxetik atera da gaur goizean, 9.00ak aldera.

Zaldibiarra amnistiaren aldeko mugimenduaren eta Askatasunaren aurkako auzian epaitu zuten eta zortzi urteko espetxe zigorra ezarri zioten 2008ko irailean. Amnistiaren aldeko mugimenduaren eledun izan zen urte askotan.

Aurretik ere, ordea, preso egona zen. 2006ko martxoan Fernando Grande-Marlaska epailearen aginduz kartzelan sartu zuten, hilaren 9an egin greba eta mobilizazio egunean izan ziren istiluen «eragile» izatea leporatuta. 2007ko irailean ere atxilotu eta espetxeratu egin zuten, Donostiako estropada eguneko manifestazioan Ertzaintzak gogor kargatu ostean. 2008ko martxoan geratu zen aske, baina irailean berriro preso sartu zuten, Auzitegi Nazionalak ezarritako zigorra betetzeko.

Espetxetik atera ondoren Villenan preso dagoen bere bikotekide Elena Beloki bisitatzeko aukera izan du Olanok.

Iluntzerako Zaldibiara iristea espero da.