Naiz.info
Donostia

Gipuzkoak %11n murriztu du zabortegira bidaltzen diren hondakinen kopurua

Birziklapenaren inguruko datuak ezagutzera eman ditu gaur Gipuzkoako Aldundiak eta, bere iritziz, aurtengo lehen lauhilekoko datuek agerian uzten dute «oso emaitza onak» erdietsi direla. 2014 urtarriletik apirilera bitartean, Gipuzkoak %11n murriztu du zabortegietara bidaltzen den hondakin kopurua 2013ko datuekin alderatuta.

Iñaki Errazkin, Ingurumen diputatua, artxiboko irudi batean. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Iñaki Errazkin, Ingurumen diputatua, artxiboko irudi batean. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

«Aurtengo lehen lau hilabeteko datuak agerian uzten ari dira birziklapenaren aldeko Gipuzkoaren apustuak oso emaitza onak dakartzala», adierazi du Iñaki Errazkin Gipuzkoako Ingurumen diputatuak. Aldundiaren datuen arabera, aurtengo urtarriletik apirilera bitartean, Gipuzkoak %11n murriztu du zabortegietara bidaltzen diren hondakin kopurua, 2013ko epe berarekin alderatuta.

2013ko lehen lauhilekoan 64.761 tona bidali ziren zabortegietara eta 2014an, 57.556 tona. Jaitsiera, beraz, %11,13 da. Mankomunitateka Sasietak, Debagoienak eta Tolosaldeak izan dute hobekuntzarik handiena.

Gaika bildutako organikoaren igoera, bestalde, «ikusgarria» dela nabarmendu du: «aurtengo lehen lau hilabetekoan bikoiztu egin da bilketa iazko epe berarekin alderatuta». Urtarriletik apirilera bitartean, 7.058 tona materia organiko bildu dira gaika Gipuzkoan eta iazko epe berean, 3.541 tona.

Errazkinek adierazi duenez, «oso datu onak dira eta norabide egokian goazela erakusten dute: gero eta gehiago birziklatzen dugu eta gero eta hondakin gutxiago bidaltzen dugu zabortegietara. Datuek garbi diote Gipuzkoan gauzak ondo egiten ari garela eta gerturatzen ari garela 2016rako ezarritako helburuetara».

Bere iritziz, 2014ko lehen lau hilabeteetako datuek agerian uzten dute Zubietako erraustegia «erabat gaindimentsionatuta» zegoela. «260.000 tonarako erraustegia zen, eta aurtengo aurreikuspena zabortegietara 170.000 tona bidaltzea da. Hau da: 90.000 tona hondakin ekarri beharko genituzke kanpotik, edo bestela, tarifa izugarri garestitu. Nork heldu nahi dio, beraz, Zubietako erraustegi proiektuari? Joan den astean galdera hau bera egin nien oposizioko alderdiei Batzar Nagusietan eta ez EAJ, ez PSE, ez PP ez ziren gai izan erantzuteko», azaldu du Errazkinek.

«Aurreikuspenak beteko bagenitu -gaineratu du-, gaika bildu gabeko 132.000 tona hondakin izango genituzke. Hori guztia, plangintzak aurreikusi bezala, Tratamendu Mekaniko Biologikorako plantara eraman behar genuke: zati bat birziklatzeko edo konpostatzeko berreskuratuko genuke, beste bat ura litzateke eta tratamenduak lurrun bihurtuko luke, eta benetako errefusa gainerakoa litzateke: 40.000 tona inguru. Zertarako beharko genuke, beraz, Zubietako errauskailua, 260.000 tonarako diseinatua? Behar baino %86 handiagoa litzateke; erabat defizitarioa. Berriro diot: nork heldu nahi dio proiektu honi?», galdetu du.