Maider IANTZI
GASTEIZ

Egitarau oparoa prestatu dute Araba Euskaraz jaialdirako

«Mugan, bizi, bizi» leloa du hilaren 15ean Lapuebla de Labarcan ospatuko den Araba Euskaraz-ek Assa Ikastolak antolatuta. Ekitaldiz beteriko egitaraua aurkeztu dute. Bost gunetan banatuta, musika, kirola, abentura eta ikuskizun ugari hartuko ditu ikastolen jaiak.

Araba Euskaraz jaialdiaren egitarauaren aurkezpena. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Araba Euskaraz jaialdiaren egitarauaren aurkezpena. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Araba Euskaraz-en aurkezpena egin dute Artiumen. Ekainaren 15ean Lapuebla de Labarca herri errioxarrak hartuko du Arabako ikastolen jaiak, eta Assa Ikastola da antolatzaile lanetan jo eta su ibili den ikastetxea.

Diana Garrido ikastolako zuzendariak egitarauaren berri eman du. «Mugan, bizi, bizi» leloa du jaiak eta bost gune izango du: Biuragunea (herrian), Mazuelogunea (ikastolan), Tempranillogunea (gaztegunea), Garnatxagunea eta Grazianogunea.

Zirkuitoan zehar, TTek elektrotxaranga, trikitilariak, txarangak, txistulariak, txalapartariak eta gaiterok izango dira, besteak beste, txoko guztiak alaitzen.

Arabako bertsolarien saioa ere izango da, eta musika eskaintzari dagokionez, Beira, Mikel Urdangarin, Zea Mays, Ze esatek!, Malenkonia edota Oihan Vega dj-aren kontzertuak iragarri dituzte, besteak beste.