NAIZ.INFO
DONOSTIA

LABeko hainbat kide Adegiren egoitzara sartu dira

LABeko hainbat kide Adegiren egoitzara sartu dira, lan hitzarmenen «premiazkotasuna» aldarrikatu eta patronala negoziazio kolektiboa blokeatzen ari dela salatzeko.

Ertzaintzak Adegiren egoitza babestu du. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Ertzaintzak Adegiren egoitza babestu du. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

LABek jakinarazi duenez, sindikatu horretako hainbat kide Adegik Miramonen duen egoitzara sartu dira eta protesta hasi dute, patronalak negoziazio kolektiboaren inguruan duen jarrera salatzeko. Beste zenbait lagun kanpoan geratu dira, babesa adierazteko.

Sindikatu abertzalearen arabera, negoziazioa «guztiz blokeatuta» du Adegik bere jarrerarekin. Azaldu duenez, atzo bertan Metalgintzako mahaian izan zuen jarrera horren adibide da.

Protestarekin Adegiren «izaera autoritarioa» eta negoziaziorako «borondate eza» salatu nahi du LABek, eta langileen negoziazio kolektiborako eskubidea eta hitzarmenen premiazkotasuna aldarrikatu.

Ertzaintza bertara joan da eta banan banan identifikatu eta arrastaka atera ditu, Efe agentziaren arabera. Han geratzen ziren azken sindikalistei irteteko adierazi die arduradun batek, hori egin ezean salaketa administratiboa jarriko zietela oharataraziz. LABeko kideak beren kabuz atera dira ondoren, betiere agentzia horrek zabaldu duenez.