Naiz.info
Donostia

Eleak: «Euskal gizarteak aspaldi izendatu zituen errugabe»

Gazte independentisten absoluzioarekin pozik agertu da Eleak Mugimendua, nahiz eta orain arteko bidean pairatutakoa ere gogoan izan duen. «Gure zinezko pozak ez du aldi berean sentitzen dugun amorrua ezkutatzen», adierazi du, gazteek jasandako atxiloketa, tortura, espetxealdi eta epaiketari erreferentzia eginez. Aurrerantzean egingo diren epaiketei begira, «salbuespen armategi erraldoiaren indargabetzea» eskatu du.

‘Libre’ dinamikako ikur bilakatu diren kamiseta eta globo laranjak.
‘Libre’ dinamikako ikur bilakatu diren kamiseta eta globo laranjak.

Eleak, eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimendua, pozik agertu da 40 euskal gazteren absoluzioagatik. «Urteetako espetxe zigorraren mehatxupean bizi ziren 40 gazte euskaldunek ez dute espetxea zapalduko», adierazi du.

Sentimendu kontrajarriez mintzatu da mugimendua, nolanahi ere, kaleratu duen ohar batean. «Gure zinezko pozak ez du aldi berean sentitzen dugun amorrua ezkutatzen. Memoria baitugu». Ildo horretan, orain bost urte atxilotu, «basaki torturatu» eta espetxeratu zituztela ekarri du gogora. Handik aurrerako espetxealdiak eta epaiketako prozesua salatu ditu. «Ibilbide luze bezain anker honen ostean, gaur, Auzitegi Nazionalak absolbitu egin ditu», gaineratu du. Eleaken aburuz, «euskal gizarteak aspaldi izendatu zituen errugabe. Inork ezingo du urteotako injustizia eta sufrimendua ezabatu, ordea».

Etorkizunera begira, uda ostean beste 28 gazteren aurkako epaiketa egingo dela ohartarazi du mugimenduak. «Ustezko delitu berdinak leporatzen dizkie Estatuak, haiek ere izan ziren atxilotuak, torturatuak eta espetxeratuak». Ustezko delitu berdinengatik, egun gazte asko espetxean direla ere salatu du. «Eta barrabaskeria guzti hauek ahalbidetzen dituzten salbuespen legediak, salbuespen epaitegiak eta salbuespen politikak indarrean diraute», nabarmendu du. Ildo horretan, «salbuespen armategi erraldoi guzti horren indargabetzea» galdegin du.