Bilbo Zaharreko Azoka
2012/12/15

10:00etatik 17:00etara.

Bilbo
Bizkaia
Mercadillo_naiz
AIPAMENAK

Bilbo Zaharreko Azoka ospatuko da abenduaren 15ean, goizeko 10:00etatik arratsaldeko 17:00etara, Mariaren Bihotza plazan, San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabalako Enpresa eta Merkatarien Elkarteak antolatuta.

Azokak San Frantzisko, Bilbao Zaharra eta Zabalako ingurua ezagutzera eman nahi du, bilbotar guztientzako merkataritzaren eta kulturaren ikuspegitik interes handiko eremua baita. Halaber, auzoen merkataritza, ostalaritza eta auzokideen ekintzetarako euskarri izan nahi du. Horrela, Mariaren Bihotza plaza eta San Frantzisko kalea kulturen arteko elkarbizitzaren eta auzokideen ardatz bilakatzen dira.

Antolatzaileek azaldu dutenez, «giro bohemio batean murgilduta», bigarren eskuko eta artisau objektuak egongo dira. Azokak 60 saltoki inguru izango ditu bigarren eskuko eta disko berriekin, bigarren eskuko arropa, jantzi eta osagarri etnikoekin, artista gazteen lanekin, diseinatzaile berrien produktuekin, ehungitza diseinuekin, vintage portzelana eta beirekin, aintzinako piezekin edota bildumekin.

Azoka girotzeko Jogurina Borova eta Lights Camera Adam DJen, SanFran Koruaren, trikitrilarien, txalapartarien eta txistularien saioak egongo dira, Mariaren Bihotza plaza zein San Frantzisko eta alboko kaleak alaitzeko. Halaber, 12:30etik 14:00etara zirku tailerrak izango dira, akrobaziak, orekak, malabareak eta aireko teknikak irakasteko.

Auzoaren ostalaritza eta gastronomia eskaintza zabalaz gain, azokara hurbiltzen direnek atseden hartu ahal izango dute BilbaoHistorikoren eta Merkatarien Elkartearen ‘Talo Toki’ txosnan, non Bizkaiko txakolin onenak eta gustu guztientzako taloak eskainiko diren. Gainera, Berreginen Museoak ekimen honekin bat egin du azokaren bisitariei eta publiko guztiari doako sarrera eskainiz.

ORDUA

10:00etatik 17:00etara.

KOKAPENA
Mariaren Bihotza plaza
San Frantzisko
Bilbo