Guggenheim haurrekin Gabonetan
2012/12/18 - 2013/01/06
Bilbo
Bizkaia
ETIKETAK: Guggenheim
Guggenheim_talleres
AIPAMENAK

Guggenheim museoak hainbat jarduera proposatuko ditu gabonetan familiartean gozatzeko eta ikasteko. Horrela, abenduaren 18tik urtarrilaren 6ra arte, ‘Arrastoen eta marrazkien jokoa’ delakoan esku hartzeko aukera izango dute museora hurbiltzen diren haurrek. Museoan sartzerakoan jasoko duten orri batean Oldenburg-i eskainitako erakusketaren bisitaldian zehar betetzeko galderak egingo zaizkie eta arkatz eta itsasgarriei esker hiru dimentsiotako museo txikiak eraikiko dituzte.

Gabonetako larunbat eta igandeetan ez ezik, abenduaren 26, 27 eta 28an eta urtarrilaren 2, 3 eta 4an ere ‘Artearen izkina’ zabalik egongo da; 2 eta 8 urte bitarteko haurrentzat prestatutako txoko bat da, museoaren atrioan dagoena. Helduek erakusketak ikusten dituzten bitartean, haurrek bertan sormenezko jarduerak egin ditzakete plastilina edo margoekin, artearekin zerikusia duten ipuinak irakurri edota bestelako ekimen dibertigarrietan parte har dezakete.

Halaber, garai honetan ohikoa izaten den moduan, Museoaren Lagunentzako Gabonetako tailerrak egongo dira. Haurrek Gabon modernoak aztertuko dituzte, eta, ondoren, igeltsuz eta tenperaz hainbat objektu egingo dituzte, Gabonetako jakiak eta beste hainbat ikur dibertigarri, esaterako.

Abenduaren 22an, 18 hilabeteko eta 3 urte bitarteko haurtxoek ekintza zirraragarri batean esku hartzeko aukera izango dute: Kataluniako Imaginart konpainiak ‘Zirrarak’ ikus-entzunezkoen jarduera eramango du museoaren entzungelara. Egun osoan egingo da jarduera, 15 minutuko txandetan, eta ezinbestekoa da haurrak zuriz jantzita ekartzea.

Azkenik, abenduaren 23an familientzako txotxongilo ikuskizun bat izango da entzungelan. Anita Maravillas konpainiaren eskutik dator ‘Blue Bird’ izeneko emanaldia, solasaldirik gabekoa eta zurezko bi txotxongilo erraldoi protagonista dituena.

KOKAPENA
Abandoibarra, 2
Guggenheim
Bilbo
LOTURAK