Alex Areizaga

Argazki kazetaritzaren inguruko jardunaldiak Urretxun: Munduko Gatazkak. Apirilak 9-15

Andoni Berriotxoa, Gotzon Aranburu, eta Ander Gillenea argazkilariek hartuko dute parte jardunaldietan, erakusketa, hitzaldiak eta proiekzioak eskainiz. Apirilaren 9an hasiko dira jardunaldiak, Gotzon Aranburuk prestatu duen gatazkak adierazten dituzten kartel erakusketarekin. 9an bertan, hitzaldia eta solasaldia eskainiko ditu Andoni Berriotxoa ‘Lubaki’k. Proiekzioan munduko gatazka desberdinetako irudiak erakutsiko ditu, eta jarraian solasaldirako tartea irekiko dute. 10ean Ander Gilleneak egingo du proiekzioa, Gure historiako pasarteak izenburupean. Euskal politikaren inguruan egindako argazkiez osatutako proiekzioa da. Proiekzioak erakusketa forma ere hartuko du hurrengo egunean, apirilaren 11n. Aurkezpenean Oihane Zabaleta Urretxuko alkateak adierazi zuen moduan, “Ikuspegi ez ofiziala irudikatzeko, isildutako gatazketan eta eguneroko prentsan agertzen ez den begirada hori azaleratzeko modu bat izango da”.

Gotzon Aranburu:
Aranburuk kartel erakusketa bat erakutsiko du zikloaren barruan. Lazkaoko beneditarren artxibategian egin zuen erreportaia baten ondotik sortu zitzaion kartelak eta bestelako materiala bildu eta gordetzeko gogoa, eta urte hauetan jasotako kartelek osatuko dute erakusketa. Aranburuk Euskal Herriak duen “kartelgintza oso oso aberatsa” nabarmendu du aurkezpenean: “Europan ez dago Euskal Herriak adina kartel sortzen duen herririk. Asko espresatzen da kartelen bidez, eta ez soilik politikan. Karteletan dokumentazio asko gordetzen da. Historiaren kolax moduko bat egin daiteke kartelen bidez”. Erakusketak bi atal izango ditu. Bata euskal gatazkaren ingurukoa izango da eta bestea Europako beste gatazka batzuen ingurukoa.


Ander Gillenea:
Euskal gatazkaren inguruan azken ia 25 urteetan egin duen lana erakutsiko du Gilleneak. Dituen milaka argazkietatik ehunka batzuk erakutsiko ditu eskainiko dituen bi saioetan. Argazkiak euskarri desberdinetan erakutsiko ditu. Urteen poderioz dokumentu historiko garrantzitsu bat osatu du Gilleneak, eta bere hitzetan, “garrantzitsua da pasa duguna eta pasatzen ari dena ikustea”. Lehen proiekzioan, hurrengo eguneko irudietako batzuk erakutsiko ditu, sarrera gisa. Pasarteak gogoratuko ditu proiekzio honetan. Ostiralean bigarren saioa eskainiko du. Hau izango da bietan proiekzio mardulena. Kamara desberdinak erabiliz osatutako erakusketa egingo du, eta proiekzioarekin batera jendearekin solasean ariko da bertan. Bere ustez, “dudana, azken batean historia da, eta zaindu egin behar dugu”.


Andoni Berriotxoa:
Andoni Berriotxoa beste herrialde batzuetako gatazketan aritzen da lanean bereziki. Siria, Libia, Sahara… igaro ditu bere ibilbidean. Ziklo honen barruan eskainiko duen hitzaldian, bereziki Alepo hiriko argazkiak erakutsiko ditu, eta bere asmoa hitzaldira doazen pertsonen interesaren araberako solasaldia egitea da, jendearen galderei erantzunez sortuko den ildotik joanda.  “Jendea zirikatzen saiatzen naiz, interesa piztu eta hausnarketa bultzatzeko”. Hausnarketa honetan, gatazkaz edo argazkilarien teknika edo bizimoduaz harago, komunikabideez eta irudien manipulazioaz hitz egiteko parada ere eskaintzen du.

 

EGITARAUA

9tik 15era

MUNDUKO GATAZKAK ADIERAZTEN DITUZTEN KARTEL ERAKUSKETA

EXPOSICIÓN DE CARTELES SOBRE CONFLICTOS EN EL MUNDO

Euskal Herrian eta munduan barrena gertatzen ari diren gatazkei buruzko kartelak

Carteles sobre conflictos de Esukal herria y el mundo

Egilea: Gotzon Aranburu (kazetaria) Ordutegia: 18:00 20:00
Lekua: Urretxuko udaletxeko ataria

Inaugurazioa apirilaren 9an, 18:00etan


9 asteazkena

19:00 HITZALDIA ETA SOLASALDIA: “GERRA KAZETARITZA

12’ ko multimedia erakutsiko da (Munduko herri ezberdinetako gatazketan egindako argazkiak ikusgai) eta ondoren solasaldia izango da.

Hizlaria: Andoni Berriotsoa “Lubaki” (argazki-kazetaria) Lekua: Urretxuko udaletxeko ataria


10 osteguna jueves

19:00 PROIEKZIOA: “GURE HISTORIAREN PASARTEAK”

Euskal politikaren inguruan egindako argazkiez osatuta.

Hizlaria: Ander Gillenea (argazki-kazetaria)

Lekua: Urretxuko udaletxeko ataria


11 ostirala viernes

Egun osoan, “GURE HISTORIAREN PASARTEAK” ERAKUSKETA / EMANALDIA

Egilea: Ander Gillenea (argazki-kazetaria) Lekua: Urretxuko udaletxeko ataria