aidegatxo blog naiz+

Ikasleok, bagoaz aurrera!

Gaurko egunez idazten ditudan hitzak harrotasun eta pozez beteak dira. Baina ezeren aurretik, bihotz-bihotzez zorionak ikasle guztiei!

Zorionak kalera atera zareten guztiei, zorionak eztarriak urratu arte oihukatu duzuen guztiei, eskuak gorritu arte txalotu eta hankak nekatu arte ibili zaretenei. Zorionak azken hilabeteetan, ikastetxe, lanbide heziketako zentro, fakultate eta kalean greba aurrera ateratzeko kartelak jartzen, asanbladak antolatzen, informatzen jardun duzuen guztiei. Goiz jaiki eta berandu oheratu zaretenei eta klasean ikaskideei lata eman diezuenei. Zorionak zuri, ikasle, guztion eskubideen defentsan, debeku eta jazarpen guztien gainetik hezkuntza herritar baten alde greba egin duzuen guztiei. Gora ikasle borroka! Gora ikasle mugimendua!

Nola deskribatu ere ez dakit sentitzen dudan irrika eta poz guzti hau. Urriaren 10ean dagoeneko urduri aurkitzen nintzen. Logalea ez zen etortzen eta orduak aurrera joan ahala #11X12 geroz eta hurbilago zegoen.... eta sarean grebarako aldarriak geroz eta ozenagoak ziren: itxialdietako kideen mezuak, bideo internazionalak, ikasle ez baina izan nahi izango luketen horien animoak, elkartasun keinuak...

Eta aurreikuspenak hautsi ditugu! #11X12 egun handia izan da ikasleontzat!

Debekuak, zailtasunak, espedienteak irekitzearen mehatxuak, azterketaren mamua, nota jaitsiko digutenaren “oharrak”, gezurrak... ikasleon grebarako eskubidea gauzatzen utzi ez eta gure hitza isilarazteko mila gezur erabili badituzte ere, ez zuten ikasle uholdea gelditzerik lortu! Debeku bakoitzarekin arrazoiak biderkatu eta gure amorrua haztea besterik ez dute lortu.

Zuzendarien mehatxuak, segurtasun indar pribatuen eta poliziaren presentzia nahiz jarrera oldarkorrak ikasleon borrokak duen ahalmenaren isla izan dira. Ikusi, edo hobe esanda, ez-ikusi besterik ez zen izan EITB bezalako kate “publikoetan” eskainitako tartea edota hainbat hedabidek zabaldutako bertsio manipulatuak. Ikasleok kriminalizatu eta gutxiesten jarraitzen dute. Baina alperrik.

Goiz goizetik ikasleon haserrearen isla izan dira ikasgela hutsak. Gure indarraren erakusle kaleak. Elkartasun bozinazoak, langile eta irakasleen txaloak, herritarren keinuak eta parte hartze aktiboa mobilizazioetan.... oraindik ere bihotza berotasun eta harrotasunez betetzen zait. Sumiso eta umemoko gisa tratatzen gaituztenei gure borrokarako grina zeinen handia den erakutsi diegu. Eta ziur nago, beraien poltronetan eserita baten batzuk izutzera ere iritsiko zirela.

Hainbeste ikasle, ikaskide, lagun, kide... aldarri bakar batek batu gintuen atzo: "Erreformarik ez! Hezkuntza Herritik Herriarentzat!" Konbentzituta gaude eta erabaki dugu. Gu bagoaz. Wert-en espainolizazio asmoen gainetik, hezkuntza sailen iruzurren gainetik ikasleok gure bidea egitera goaz.

#11X12 oroitzapenean gal ez dadin ikasleak bagoaz aurrera. Urriaren 11ko ilusio eta indar guztia jaioko den ikasle borrokaren txinparta izan dadila. Aurrera doan mugimendua baten bultzada, motibazio txute bat. Gaur, gaur bezala bihar, eskola berria eraikitzera jo behar dugu ikasleok. Gu garelako oraina, goazen biharko Euskal Herria eraikitzera! Elkarrekin, txikitasunean handi diren borrokez utopiak errealitate bilakatuko ditugu. Mundua mila bider irauli baitugu, ekin dezagun beste behin ere! Ikasle borrokaz lortuko dugulako!

Gora ikasle mugimendua!