Ikoitz blog naiz+

Begi bistako da

Blog honek duen helburuei jarraiki, ikasleen ahotsa islatu nahian, "arkatz gorriz idatzitako begirada" ezberdin asko batu guran, oraingoan #11x12 eguneko Bilboko mobilizazio erraldoian egondako ikasle baten bizipen pertsonala ekarri nahi izan dut. Hezkuntza Delegaritza barruan ikasleon eskubideak aldarrikatzen, eta ondorioz, "ocupación ilícita de espacio público" akusazioa jaso dezakeen gaztea da bera.

Peio Madrid kazetaritzako ikaslearen kronika da ondorengoa:

Begi bistakoa da, ez dago debaterik. Egungo hezkuntza sistema ez da sasoi onena bizitzen ari. Sistema kapitalistaren gainbeherak murrizketa bortitzen onespena ekarri du, bai estatu mailan, bai EAEn. Eta egoera okerrerantz joko du nahitaez, ahalik eta lasterren aldaketa bat gauzatzen ez bada.

Murrizketek mota askotako arazoak ekarri dituzte. Nabariena, agian, irakasle kopuruaren beherakada izan da. San Mameseko fakultate berrian, adibidez, ehun pertsonentzat eraikitako klase batzuetan ehun eta hirurogeita hamar ikasle sartu behar dituzte aurten, irakasle bakarrarekin. Egoera honi aurre egiteko goizeko ikasleei eskatzen diete mesedez arratsaldean joateko, leku falta dela eta. Fakultate berean, laborategi ezberdinen eraikuntza erdibidean geratu da, eta klase praktikoak egin beharrean, bideoetan ikasten dituzte teknika ezberdinak. Funtzionarioei ordaintzeko zailtasunak omen daudenez, irakasle batek aitatasun baja hartzea erabaki eta ez zaio ordezkorik esleitzen. Zein da emaitza? Baja irauten duen  bitartean (lau hil kasu honetan) klaserik ez egotea. Hori bai, ikasleek berdin ordaintzen jarraituko dute. Azken eredua San Mameseko campus teknologiko berriarena da ere.

Bitxia da campus berritzaile honen inaugurazioa hainbeste aurreratu izana,  instalazio asko bukatu gabe zeudela aurreikusita. Baina bitxitasun hori berehala galtzen da irekiera Patxi Lopezen hauteskunde kanpainarekin bat egin zuela jakitean. Patxi Lopezek berak inauguratu zuen campusa. Egun, ikasle askok beste fakultateetan (Barakaldo edo La Casilla adibidez) jardun behar dute oraindik obrak ez direlako amaitu.

San Mamesekoa eredu bat besterik ez da, egoera EAEko hezkuntza zentro publiko eta pribatu askotan ematen ari da tamalez. Zer esan ikastolen egoeraz?  Zer esan tasa unibertsitarioen igoeraz? Eta hezkuntzaren zentralizazioaz? Eta euskarak jasaten duen finantziazio murrizketaz? Guzti honen aurrean, Euskal Herriko ikasleak kalera atera ginen urriaren 11ko greban, Espainia osoan egin zuten moduan. Protestak herri eta hiri ezberdinetan gauzatu ziren.

Bilbon geundenen artean, asko Eusko Jaurlaritzako hezkuntza delegaziora sartu ginen gure aldarrikapenak paper bitartez entregatzeko asmoz. Baina jende ugari sartzeko gogoekin zegoela ikusita, delegaziokoek sarrerako ateak ixten saiatu ziren, ondorio latzekin: manifestariak ateetan kolpeka hasi eta ia momentuan Ertzainek bortizki kargatu zuten. “Beltzak” delegazioan sartu ziren ere, barruan karga eginez eta jendartean izua zabalduz. Protesta baketsua izan nahi zuena biolentziaz zikindu zuten Ertzainek. Aurreko eta atzeko ateak ere blokeatu zituzten, eta inor ez zuten utzi ez sartzen ez ateratzen. Barruan harrapatuta geundela ohartuta, banan-banan identifikatu eta “eremu publiko baten okupazioaz” salatuko gintuztela ohartarazi ziguten poliziek.

Azken hauen jokaera, gainera, benetan tamalgarria izan zen. Manifestari bat jipoitu zuten arma izan zitekeen makil bat eramateagatik. Arma arriskutsu hori bandera baten euskarria besterik ez zen. Mutikoak Ertzainari zenbakia eskatu zionean, (gogoratu legez eman behar dutela zenbakia) honek oina begiratuz erantzun zion: “creo que tengo el 45…”. Identifikazioek iraun zuten bi ordu t’erdi horietan kanpoan zeuden manifestariak ere jipoitu zituzten, barrukoak are gehiago isolatuz. 

Hedabide gehienak gainera, ez dute honen inguruan behar bezala informatu. Istiluak izan dira notiziaren mamia El Correo, El País edo El Mundo moduko egunkarietan, eta ez herriaren begi bistako desadostasun orokorra. Bitxia da gaurko (urriak 12) egunkari gehienen azaletan grebaren notizia ez agertzea. Patxi Lopezek aurtengo ikasturtearen hasieran San Mameseko campus teknologiko berria inauguratu zuenean, ordea, notiziari izugarrizko hedapena eman zitzaion; abantailetan bakarrik zentratuz, noski.

Egungo errealitatean, San Mameseko campus berriko ikasleek (eta beste ikasle askok) ez dute ez klase praktikorik, ez ordezkorik, ez laborategirik ezta klaseetan eseritzeko  lekurik. Hezkuntza sistema ez dago momentu onean, eta hori begi bistakoa da.