Jostari blog naiz

665 herritarri babesa erakustearren, beste bost gehiagorekin kopurua igotzeko asmoa

Pasa den martxoan euskal preso eta iheslari politikoak euren eskubideen alde etxeratzeko lanean diharduen Herrira mugimenduak berri eman zuenez, 665 dira gure etxeetan, elkarteetan, jai batzordeetan, gaztetxeetan, tabernetan, oheetan... falta diren herritarrak. Asko dira falta direnak eta asko dira, falta diren horiei babesa eta elkartasuna helarazteko dinamiketan parte hartzen dutenak.

Oreretarrek, esate baterako, Basauriko espetxera martxa antolatu dute igande honetarako. Martxa horrekin, Basauriko kartzelan gaixorik dagoen Aitzol Gogorza herrikideari babesa helarazi nahi diote. Horrez gain, Gogorza herrira ekartzeko ekimenak ere abian dituzte: sinadura eta informazio kanpaina, propaganda, martxa…

Arrasateko Udaleko ordezkaritza batek ere, Leongo espetxera egingo du martxa astebete eskas beranduago, ekainaren bederatzian. Herrira mugimenduak maiatzaren 2an aurkeztutako mozioarekin bat egin duteArrasateko udaleko Bilduko, Aralarreko eta EAJ-ko ordezkariek. Eta hurrengo larunbatean Leongo espetxeko zuzendaritzarekin biltzeko asmotan dira, Josu Uribetxeberria preso arrasatearra larriki gaixo dagoela-eta.

Martxak egingo dira espetxeetara. Herri hau martxan dagoelako. Martxan gaude euskal herritarrok dagokigun erabakitze eskubidearen alde arloz arlo. Martxan daude gure aldarrikapenak. Martxan gure dinamikak. Martxan preso ditugun horien eskubideak bermatuak izan daitezen hainbat ekimen.

Baina noski, gure martxa iraunkorra den modu berean, espainiar (in)justiziak ere ez du etenik. Eta gaur Berria egunkariaren edizio digitalaren arabera, bost euskal herritarri urte eta erdi arteko espetxe zigorra ezarri diete, 2009ko Korrikan euskal presoen argazkiak erakustearren. Zer, eta terrorismoa goratzea leporatzen diete.

Lehendik ere salbuespen egoerakoa den euskal preso politikoen kopurua igotzeko saiakerak egiten ari da espainiar estatua. Barruan daudenak irteteko oztopoak ezarriz, eta gehiago espetxeratuz. Lepora diezagutela edozein delitu, guk martxak egiten jarraituko dugu, martxan gaude eta ez gara geldituko guztiak gurekin izan artean.