Luma Zorrozten
Egilea: Txotxe Andueza eta Zuriñe Etxeberria
Txotxe_zurine_fondokin
2012/12/26 23:31h.

Gabonak eta gameluak izenburu berdinean nahasten diren arren, hurrengo post-ak Meltxor, Gaspar eta Baltasarren gameluekin zerikus handirik ez dauka. Beste gamelu batzuei buruz arituko gara, trapitxeoan aritzen diren horiei buruz, hain zuzen ere.

Eguberria heldu baino lehen ikusi ziren aurreneko zantzuak. Foru plazatik igaro den edonork ikusiko zuen bertan zegoen zurrunbiloa. Pinuekin trapitxeatzen zuten bertan! Eskailerak jaitsi eta, segituan, sosa batzuen truke eros zenezakeen pinurik handiena, potoloena, hostotsuena eta –ena formularekin bukatzen den oro. Tristea bada ere, jakina da erositako arbolen ehuneko oso altu batek Gardelegin bukatuko duela. Foru plaza honetan topatzen zuten askok beren gabonetako dosia.

Egun hauetan erdiguneko kaleetatik ibiltzea zoratzeko modukoa izan da. Semaforoak oinezkoentzat zabaldu bezain laster, gora eta behera zihoazen artaldeak gurutzatzen ziren. Eskuetan zeramatzaten poltsa erraldoiek bata bestearen kontra talka egiten bazuten ere, inor ere ez zuen barkamenik eskatzen. Noraezean? Ez, hauek ere beren gameluen bila. Argi leunekin eta musika goxoarekin mozorrotutako dendetan topatu dute askok beren gabonetako dosia.

Trapitxeorik mingarriena baina, ez da dendatan ezta pinuz jositako plazatan ere eman. Betiko bulegoetan baizik. Bizilagun arrunten ilusioekin eta sentimenduekin jolasten trebeak diren despatxu horietan. Gabonetako ordainsarien kontua alde batera utzita, lagun askoren lanpostuekin trapitxeatzen ibili dira egun hauetan guztietan ere. Diputazioaren datorren urteko aurrekontuak direla eta ez direla, PP bakarrik geratu eta luzatu egin dira iazkoak. Eta, adibide bat jartzearren, Arabako euskara teknikarien lan kontratuak ere luzatu egingo dituzte? Duda horrekin igaroko dute oporraldia askok. Bulegoetako gorbatadunek gabonetan ez ezik, urte osoan zehar ere, langileon sentimenduetan topatzen dute beren dosia.

Zuriñe Etxeberria

 

Nabarmendutako blogak
azken post-ak
azken iruzkinak