Iñaki  Soto
Iñaki Soto
GARAko Zuzendaria / Director de GARA

Ez dezagun iparra galdu

Egunkarietan lurralde fisikoak eta mentalak irudikatzen dira. Hezkuntza formalaz harago, kultura orokorra zabaltzeko tresnarik garrantzitsuenetako bat dira. Prentsak markoak eskaintzen ditu, kosmoikuskera bat, nolabait esateko. Eta ezagutza bat, bestela lortzen zaila den gure testuinguruaren ezagutza. Errealitatea ezagutu gabe nekez alda baitaiteke. Le Journal du Pays Basque-ren ekarpena handia izan da zentzu hauetan guztietan. Besteak beste, hein handi batean gutako askorentzat arrotzegia den errealitate bat irudikatu du, kezka batzuk eta soluzio batzuk azaldu ditu, gureen desberdinak direnak, agian, baina aldi berean herri bezala gure kezken eta soluzioen parte izan behar dutenak. Haiek ere gu direlako, «gu» ez garelako soilik «gureak». Bide batez, gure kezkak eta soluzioak beste batzuengana gerturatu ditu. Guretzat, GARArentzat, Journal Euskal Herriaz eta euskal herritarrez irudi osoagoa izateko tresna ezin baliagarriagoa izan da.

Bere muga guztiekin, Journalek Ipar Euskal Herriaren errealitate anitz horretan eragitea lortu du, eta hori da egunkari baten beste funtzioetako bat. Agenda politikoan luzaroan hango establishment-ak ezkutatu edo ukatu dituen hainbat gai mahai gainean jarri ditu: euskara, presoak, gatazka, Parisekiko harremanak, «mugaz gaindikoak», azpiegitura eta zerbitzu publikoak, kostaldearen eta barnealdearen arteko desorekak, euskal kirola eta euskal kultura… Bigarren mailako herritarrak protagonista bihurtu ditu. Baliabide gutxirekin lan handia egin da eta horrek ondare bat uzten du. Esperientzia metatu da bertan eta ondare hori zaindu egin behar da.

Ez ditugu gauzak behar bezala baloratzen, galtzen ditugun arte. Tamalez, beste behin ere, Journalekin hori gertatu da. Nolanahi ere, uneotan galtzen duguna ez, baizik eta irabazi duguna azpimarratu nahi dugu. Harria mugitu dugu, aurrera eraman dugu. Aurrerantzean harri hau bere tokian jartzeko tresna berriak beharko ditugu. Gure helburua zazpi herrialdez osatutako herri euskalduna eraikitzea delako, demokraziaz eta justiziaz garatuko den herria, bere herritarren mesedetan egituratuko dena. Aitaren etxea berreraiki nahi dugu, baita etxe hori amaren suaz berotu ere. Etxe horretan, Ipar Euskal Herria ez da ikuilua, ez da komunzuloa, ez da sekula irekitzen ez den gela iluna, ez da dekorazio hutsa. Ipar Euskal Herria euskal herritarrez osatutako lurraldea da, gure herriaren parte garrantzitsua. Guretzat, behintzat, hala da. Eta, hein batean, hori guztia Journali esker ere bada. Horregatik guztiagatik, ezin dugu iparra galdu.

[Le Journal du Pays Basque-ren azken alerako idatzi dudan artikulua]

Bilatu