Ekainaren 25ean hasten dira herriko festak. Hiru egun, gehienez lau irauten dute, baina herriko festak dira eta horrek egiten ditu handi. Pelaiosanak. Aurten gogor hasi nahi izan genituen eta lehen eguna “gaupasa eguna” izendatu genuen eta arrakasta izan zuen, noski –urtero “gaupasa eguna” izendatu gabe izan ohi duen moduan-.
Badira urte batzuk, oker ez banabil 3 inguru –zuzenduko didate Zarauzko lagunek hala ez bada- ezohiko lagun talde batekin goizaldeko txaranga inprobisatua egiteko joera hartu genuenetik aurrez, beste batzuek hasitako ohiturei jarraiki. Beteranoek erakutsia noski, baina belaunaldi berriek hobetua! Kuadrilako zaharrenak (barka diezadala) lehen lagunen etxe azpitik igarotzen zen txaranga osatzen zutela aipatu zuen duela hiru urte, eta gaupasaren pozaz, tradizio eder hori ezin zitekeela galdu iruditu zitzaigun guri –nola ba?!-.
Sei lagun inguru elkartu eta alegiazko txaranga osatu genuen. Ni txindatajolea nintzen, nire irudipenetik sortua eta ahots kordekin interpretatua. urre koloreko txindata ederra. Nire ondoan zegoena turutajolea zen, edo tronpeta ote? Auskalo! Kide baten etxe azpira iritsi eta jo ta fuego hasi ginen gure musika-tresnekin melodia ederrak sortzen. Edukiontziak astintzen bateriajole ospetsu baten moduan sentitzen zenik ere bazen.
Haurtzaroan bihurrikeria bat egitean bezala sentitzen ginen. Eta “gaiztakeria” bat egin ostean aurpegian agertzen den irrifarre maltzur eta zirikatzaile hori ere ageri zen gure ezpainetan. Barrez eta berriketan –gaupaseroek izaten dituzten elkarrizketa xelebreekin-, ea nork handiagoa asmatu.
Urtebete beranduago, eskarmentatuago ginela, musika-tresnak ere lortu genituen. Batak vodka botila eta sardeskarekin erritmoa markatzen zuen, besteak gasolina bidoi batekin bonboa jo, sanmigel botilari putz eginez ere (zorabiatu arte) haizezko instrumentuak eta guzti sortu genituen. Bost minututan goizaldeko txarangarako prest. Oraingoan, aldarri melodikorekin eta kide berriekin gainera; “saminamina e-e waka waka eee saminamina, saminamina España es ...”.
Aurten, onartu beharra daukat, huts egin nuen. Nekeak gairaitu ninduen, goizaldeko txarangak aldiz ez zuen hutsik egin. Egun batez beharrean gainera, bi eta hiru egunetan zehar alaitu zituen herriko kaleak, generazio berriak ere erritmoen harira lotuz.
Sorkuntza, gaztetan gainezka dugun altxorra da. Txaranga inprobisatuekin hasi eta sorginak erretzen dituen prozesioak parodiatuz, herriko iturriko uraren kolorea aldatuz edota bizikleta poteoak antolatuz osatzen dugu ibilbidea, buruari eraginez, ausardiaz eta lotsa albo batera utziz. Sorkuntza baita gure iraultzaren taupada.
Sartu