Uhaina Bikaina
Egilea: Surflari ernegatua
«Hegoafrikako surf taulak zur arinez eginak dira. Estuak dira eta erraz garraia daitezke; horrela hasi nintzen berauekin olatu artean ibiltzen». (1922) Agatha Christi, idazlea, surfean aritu zen lehen emakume europarra.
Kin
2013/02/08 14:55h.

(Bideoan Axi Muniain Nazaren)

Pasa den astean hitzetik hortzera zebilen bideo bat. Bertan, Garret McNamara agertzen zen Portugalen, Nazareko urautsian moto baten laguntzaz hartu zuen olatu erraldoi bat jaisten. Adituen esanetan orain arteko handiena omen da.

Egun horretan bertan Axi Muniain zarauztarra ere uretan zen McNamararekin batera eta goiko bideo honetan ikus daitekeen bezala, ikaragarrizko olatuak hartzen ibili zen. McNamarak hartu zuen olatu hura berak ere har zezakeen, zeren tamaina horretako olatuak ia kilometro bat lehenago hasten dira hartzen; beraz, gero nolako tamaina izango duen jakitea ezinezkoa da. Handiagoa izan zitekeen bat hartzeko zorian ere izan omen zen zarauztarra.

Halako itsaskietan itsasoratzen diren surflarien ametsa da McNamarak egin zuen balentria hura egitea. Ez dakidana da olatu hura Axi Muniainek hartu izan balu, hainbesteko oihartzuna izango lukeen.

Bestalde, Portugalgo azken saio horrekin, olatu handien aferak gailurra jo duela uste dut. 30 metrotik gorako olatuetan dimentsioak lausotu egiten dira, tamainaren eztabaida antzu bilakatzen da, halako baldintzetan oso erlatiboa baita neurria. Aldagai askok eragin dezake; hala nola, surflariaren kokapenak, olatuaren formak, irudi hartzaileek duten perspektibak, eta abar.

«Freaky lover» deitzen dudan lagun batek dioen moduan, «kontua ez da igortzen den mezua, jasotzen dena baizik». Irudien munduan, sarri, olatu txiki batek handiagoa ematen du, eta alderantziz, olatutzar batek ñimiñoa dirudi.

Altueraz gain, kontuan har daitezkeen beste faktore anitz dago. Ez da gauza bera bi metroko olatu bat Mundakan edo Hendaian. Towin edo motoz lagundutako modalitate honetan gero eta garrantzia handiagoa hartuko duen aldagaia izango da aurrerantzean olatuaren izaera.

Hau da, altuerak gailurra jo du, 30 metrotik gorako olatuak hartu dira, hori baina altuera handiagoa izan dezakeen uhina sortzeko mundu honek duen espazio fisikoa mugatua da, baita haizeteek sor dezaketen itsas kuzkurra ere.Towin modalitateari geratzen zaion erronka bakarra, beraz, altuera bakarrik ez, olatuaren zabalera ere kontuan hartzea da.

Aurrerantzean, nire ustez, arraun egindako olatu handietan dago erronka. Zenbaterainoko altuera duen olatua har dezake gizakiak? Non da mugarria? Horra betiko galdera, erantzun bila abiatu den surflari asko bidean eraman dituena. Muga non dagoen naturak berak erantzungo du.

Kolaboratzaileak
azken iruzkinak

Ez dago iruzkinik

tag hodeia