BIZIGOGOZ
Iritsi dira oporrak, goazen gozatzera
Donostiako Aquariuma.

BIZIGOGOZ|2013/12/19

Iristear dugu haurren opor garaia. Pare bat astez amantalak, liburuak eta etxeko lanak bazterrean geratuko dira. Txikienek baina, atsedenarako tarterik hartu gabe, gozatzeko nahi dituzte oporrak. Irudimen pixka batekin, erraza da haurrei ametsetako momentuak oparitzea.

Abenturazale, marinel edo zientzialari bihurtuko dira egun batez; edo mundu magiko eta misteriotsuetan bidaiatu. Egun ahaztezinak igarotzeko ideiak emango dizkizugu erreportaje honetan. Haurrekin eguna igarotzeko 11 leku proposatzen dizkizugu oraingoan.

Olentzeroren bila

Euskal Herriko umeak urduri daude dagoeneko Olentzeroren etorrerarekin. Ikazkin zaharra buru-belarri arituko da guztientzako opariak prestatzen. Haurrekin egoteko tarterik hartzen du, ordea. Mungian du etxea Olentzerok eta familia ugarik egiten diote bisita egun hauetan. Magiaz beteriko esperientzia da Olentzeroren Etxekoa.  

Olentzero, Mari Domingi, galtzagorriak, Peru… aiton-amonengandik bilobetara igarotzen ziren kontakizunetako protagonistak ziren. Neguko solstizioan, ordea, Landetxo Goikoa baserrian bertatik bertara ezagut daiteke Olentzero. Mari Domingik Peru eta jentilen inguruko istorioak kontatuko dizkigu.

Euskal Herriko lehenengo parke mitologikoa da honakoa. Umeak euskal mitologiaz blai egiteko 6.000 metro karratuko gunea dute; Mariren koba, laberintoa, Tartalo eta haritz magikoa… Bisita guztiak gidatuak izaten dira eta sarrerak mugatuak dira; aurrez hartu behar dira. Gabon garaiz gain, gainera, urte osoan egoten da irekita. 

Abenduaren 22an bisita egingo du Olentzerok Getxoko Igaretxe Hotelera. Sukaldaritza, eskulan eta antzerki tailerrak antolatzen dituzte Igaretxen etxeko txikienentzat. Urrian hasi ziren haurrentzat ekimenak egiten eta martxora bitarte martxan izango dute Haurren Kluba. Eguberri hauetarako, ordea, egitarau berezia prestatu dute. Olentzeroren bisita egunean canapeak egiten ikasteko tailerra egingo dute. Hilaren 29an, bestalde, urteari amaiera paregabea emateko festa egingo dute umeekin; besteak beste, alkoholik gabeko koktelak egiten ikasiko dute.

Txikienen neurrira

Gabon egunetarako proposamenen artean nabarmentzekoak dira Eguberrietako haurren parkeak edo Pinak. Ohiko planak izaten dira; baina hutsik egiten ez dutenak. Eskulanak; dantza, txotxongilo zein antzerki tailerrak; atrakzioak… haurren neurri neurriko ekintzak prestatzen dituzte egun ahaztezina igarotzeko.

Irungo Ficoban abenduaren 22tik urtarrilaren 4ra bitartean arratsaldero irekiko dute haur parkea (15:00etatik 20:00etara); hilaren 24,25, 31 eta urtarrilaren 1ean izan ezik.

Gasteizen ere hilaren 23an irekiko dute Haurren Eguberrietako Parkea; urtarrilaren 5a bitarte. BAKHeko kirol eremuan dago gaztetxoenentzat prentsatutako parkea. Lau gune prestatu dituzte: Kiroldegi gunea, Bakheko Halla, Ludoteka eta Buesa Arenako gunea. Azken egunean, urtarrilaren 5ean, amaierako jaia osaptuko dute Txirri, Mirri eta Txiribitonekin.

Eguraldiak laguntzen ez duen egunetarako, Bilbon bada bestelako arratsaldea igaortzeko lekua. Umeentzat zehazki prestatuta dago Berrioko Tximi Park. Oinetakoak eta zamarrak sarreran utzi eta ondo pasatzea beste egitekorik ez dago hemen. Animalia, palmera zein zuhaitzez apainduriko oihan erraldoia dirudi. Parkeko eremu bakoitzean begiraleak daude ezbeharrik gerta ez dadin. “Modu osasuntsuan, makinarik gabe, arriskurik gabe eta psikomotrizidadea landuz gozatzen dute umeek Tximi Parken”, diote arduradunek. Haur parkeak 1.500 metro karratuko azalera du eta 410 pertsona hartzen ditu.

Itsasoan… abordatzera!

Gazte zein heldu liluratzen dituen mundua da itsasoa. Urrutira joan gabe, euskal kostaldean harribitxiak gordetzen ditu Kantauri itsasoak bere barrenean. Donostiako Aquariumean, esate baterako, dozenaka arrain espezie ikus daitezke. Ezaguna da Aquarium honek jasotzen duen tunela, urpeko biziaz itsasondoan bageunde bezala gozatzeko aukera ematen duena. Arrainontziez gain, portuko bizitzaz, arrantza munduaz nahiz estropaden kulturaz blai egiteko aukera paregabea eskaintzen du.

Goizeko 10:00etatik 21:00era irekitzen dute asteburu, jaiegun eta zubietan; zortziak arte lanegunetan.

Era berean, euskal kostaldeko hainbat itsasondotako aberastasuna ezagut daiteke Getxo kirol portuan dagoen Aquariumean. Itsasoa beste ikuspuntu batetik ezagutzeko aukera paregabea da. Itsas bizitza atlatikoari eta tropikalari buruzko 24 gune dituzte. Goizeko 10:30etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara irekitzen ditu ateak.

Erdi Aroaz geroztik idatzitako agiriek erakusten dute euskaldunek aspaldidanik egiten dutela arrantzan itsasoan. Antxoa, sardina, bixigua, legatza, hegaluzea… XIX. mendeaz geroztik industrializatu egin da baxurako arrantza. Ur handitako arrantza, alturakoa, erronka handiagoa izan da beti. Aspaldikoak dira euskaldunak balea arrapatzera urrutira joaten zireneko kontuak.

Benetako atunontzi klasiko batean, marinelen azalean lanbidea gertutik ezagutzeko aukera eskaintzen du Pasaiako Mater Itsasontzi Museoak. Ontziak arrantza ibilbidea amaituta, museo bihurtzea erabaki zuen Itsas Gela elkarteak. San Pedroko portuan dago Mater itsasontzia. Arrantzaren sekretuak ezagutzeko aukera eskaintzen du bertako tripulazioaren eskutik: ingurumena errespetatzen duten arrantza tresnak, arrantzalearen bizitza-erritmo berezia, ontziaren bitxitasunak…

Bisita gidatuak egiten dituzte, 45 minutukoak. Taldean joan gabe ere bisita daiteke museoa; hori bai ordutegi barruan. Astearte eta ostegunetan 17:00etatik 18:00etara; larunbat eta igandetan 12:00etatik 13:00etara.

Itsas munduaz gain, Pasaia inguruan ere bisita gidatuak egiten dituzte Materreko marinelek.

Zientziarekin jolastera

Ikasgeletako lau paretetatik kanpora, zientziaren mundu magikora gerturatzeko aukera eskaintzen duten hainbat leku ditugu. Iruñeako Planetariuma, esate baterako, astronomiari eta zientziari eskainitako gunea da. Tornamira Aretoan 20 metroko diametroa duen kupulan dago izarren proiektagailua. Zeru izartsuak gauez erakusten duena jasotzen du proiektagailuak. Izarrak bere osotasunean, bertatik bertara ikusteko aukera ematen du. Nork ez du amets egin astronauta izatearekin?

Bestalde, Planetariumean hainbat programa eta ekintza dituzte bisitarientzat. Asteartetik larunbatetara irekitzen ditu ateak Planetariumak; astelehen, igande eta jaiegunetan itxita egoten da.

Eureka Zientzia Museoak ere badu behatoki astronomikoa. Zientzia bere alderik dibertigarrienetik ezagutzeko aukera eskaintzen du Donostiako museo honek. Esperientzia ahaztezina da bertako simuladoreetakoa; ziztu bizian ibil daiteke 1 Formulako kotxea gidatzen. Hegan egitea gustuko dutenentzat Max Flight-a gidatu datieke, lainoen artean bira osoak emanez.

Txikiagoentzat ere aukera ugari daude. 4 urtetik 9 urte bitartekontzat, esaterako, Txikiklik gunea dago. Gorputzaren barrutik izarretaraino egiten den bidaia atsegina proposatzen digute. Zentzumenez baliatuz, basoa aurkitu, hiriak eraiki eta unibertsoa ezagutzeko parada ematen du.

Ohiko eskaintzaz gain, Eguberrietarako bereziki prestatu dute Gabonetako Zientzia Txokoa. Bi txandatan, abenduaren 23tik 27ra bata; eta abenduaren 30etik urtarrilaren 3ra bestea, 3tik 10 urte bitartekoekin tailerrak eta ikastaroak egingo dituzte. 

Natura maiten duten abenturazaleentzat

Haurrek euren barruko esploratzaileak atera eta naturan barneratzeko aukera bikaina eskaintzen du Basondok. Urdaibaiko Biosferan, arriskuan dauden animalia basatientzat babeslekua da Basondo. Zelai eta zuhaitzez bustitako 60.000 metroko ingurunean basurdeak, orkatzak, azeriak, basakatuak, hegazti arrapariak zein narrastiak dituzte. Gure mendietan dagoeneko galdu diren otsoa, katamotza eta europear bisontea ere badituzte.

Parkeko ibilibideari jarraituz animaliak modu librean ikus daitezke; informazio panelak dituzte itzuli guztian. Basondora joanez gero ez ahaztu argazki kamera, irudi zoragarriak ateratzeko aukera izango duzu eta.

Anilamiak eta naturaz aire librean gozatzeko ezaguna da Erriberako Sendaviva parkea ere. Abentura eta gozamenerako parkea da, familia osoarentzat prestatua dagoena.Ikuskizunak, atrakzioak eta animaliak dira Sendavivako izarrak.

Martxora arte larunbatetan irekiko dute parkea, 11:00etatik 16:30era. Hala ere, aurrez erreserba egitea eskatzen dute. Parkean dituzten 800 animaliak ikusteko ibilbidea egiteko aukera izango da. Tartean, abuztuan jaio zen zebra-kumea dago. Gaztetxoekin akrobazia tailerrak egingo dituzte; zirko ikuskizuna ere bai.