GARA DONOSTIA

EH Bildu: «Emandako hitza bete dugu, errauste planta gelditu dugu»

Zubietako errauste planta gelditzeko «emandako hitza bete duela» nabarmendu zuen atzo EH Bilduk, eta jokabidea eskertu zion Errausketaren Aurkako Plataformen Koordinadorak, «hauteskundeetan agindutakoa bete duelako». Gezurrezko zifrak ematearen akusazioen artean, hondakinen estrategia diseinatzeko alderdiekin eta eragileekin lan egiteko prestasuna azaldu zuen koalizioak.

«Errauste planta gelditzea eta birziklapenean oinarritutako hiri hondakinen inguruko politika berriak ezartzea izan ziren 2011ko foru eta udal hauteskundeetan EH Bilduren apustu nagusietakoak», gogoratu zuen atzo koalizioak, eta gobernu ardurak hartzearekin batera hasitako bidean, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) eta enpresek errauste planta gelditzeko hartutako akordioarekin, «emandako hitza bete» dela nabarmendu zuen.

Herritarrak eta hitzarmenaren sinatzaileak zoriondu zituen, «mehatxua desagertu» delako. «EH Bilduri boza eman zioten edota modu batera edo bestera erraustegiaren proiektua gelditzearen alde lan egin duten hamarnaka mila herritarren garaipena ere badela» aitortu zuen koalizioak. Hitza betetze hori «beste eredu bat sustatzearen» helburuarekin bat datorrela nabarmendu zuen, eta kudeaketa txarraren inguruko kritiken aurrean, «akordioak sustatu eta lortzeko gauza garela» frogatu dela adierazi zuten. «Eta hori guztia diru publikoaren kudeaketa garbia eta zuhurra eginez», gaineratu zutenez.

Elkarlanean aritzeko prest

«Zero zabor printzipioa helburu», gaikako bilketaren aldeko apustua berretsi zuen atzo Gipuzkoako lehen indar politikoak, eta orain «fase berri bat» irekitzen dela esan zuen. «Gure pozak ez dio iskin egiten politikoki dugun erantzukizunari, eta prest gaude hondakinen estrategia integrala diseinatu eta garatzeko elkarlanean aritzeko», esan zuten EH Bilduko kideek.

Gipuzkoako Errausketaren Aurkako Plataformen Koordinadorak ere ongietorria eman zion atzo proiektua bertan behera uzten duen akordioari, eta Bildu zoriondu zuen «hauteskundeetan agindutakoa» bete duelako. «Azken hamar urte baino gehiagotan errausketa plantaren aurkako borrokan aritu diren gizarte mugimenduak eta pertsonak» gogoan izan zituzten, baita aurreko legealdiko Foru Gobernuaren jokabidea ere.

«Aldundiak eta GHK-k PNVren esku zirenak eta PSE-PPren laguntzarekin, kontratuak hauteskundeak galdu ondorengo sinadurekin ongi lotuta utzi» zituztela salatu zuten, eta kontratuak eteteak izan duen kostu ekonomikoa kritikatu zuten.

Koordinadorak dei egin zien herritar eta gizarte mugimenduei, Gipuzkoako hiri eta herri guztiek gutxienez %80ko hondakinen gaikako bilketa lortu arte lanean segitzeko, eta ekimena beste lurraldeetara zabaldu beharra nabarmendu zuen.

PSEren aldetik, berriz, errauste planta gelditzeko akordioak kritika zorrotzak jaso zituen atzo ere. Denis Itxasoren esanetan, kontratua eteteagatik Iñaki Errazkin Ingurumen diputatuak eman zuen zenbatekoa (8,1 milioi euro) «faltsua» da. Gardentasun eta zintzotasun falta egotzi ostean, Itxasok azaldu zuen gastu batzuk finikitatzea ere hitzartu dutela enpresekin, tartean ordaindu ez den Zubietako Hondakinen Kudeaketa Zentroaren proiektuaren erredakzioa (5 milioi).

Esan zuenez, 13,2 milioi euro da enpresekin hitzartutako ordainketa. Horri interesetan ordaindutako 2,5 milioi gehitu behar zaiola esan zuen, eta bankuei ordaintzeari utzi eta epaitegietan dagoen auziak zer emaitza duen ikusteko dagoela. PPk errepikatu zuen kritika hori.