Aimar ETXEBERRIA
Erraustegirik ez Gipuzkoan

Herritarren garaipena ospakizun bilakatu dute Zubietan

Zorionak zuri» abestea soilik falta izan zitzaien atzo Zubietara bertaratu zirenei ospakizuna borobiltzeko. Guztiaren gainetik mezu argi bat eman zuten aditzera: herri mugimenduaren garaipena da Gipuzkoan errauskailurik ez eraikitzea.

Txaloka. Hala hasi zuten Zubietan bildu ziren ehunka lagunek errauste planta egingo ez dela ospatzeko antolatu zuten ekitaldia. Errauskailuaren Aurkako Gipuzkoako Koordinakundea, Eguzki, Ekologistak Martxan eta Gipuzkoa Zero Zabor taldeek deitu zuten agerraldia eta bertan izan ziren, besteak beste, Xabier Mikel Errekondo Amaiurko diputatua, Mertxe Aizpurua Usurbilgo alkate eta Udalbiltzako lehendakaria eta Ainhoa Intxaurrandieta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko lehendakaria, Gipuzkoako hainbat herrietako alkate eta herritarrekin batera.

Errauskailuaren aurkako flashmob ikusgarria egiteko bi mila lagun baino gehiagok aukeratutako plaza bera hautatu zuten antolatzaileek «herritarren eta herri mugimenduaren garaipena» bezala definitu zutena erabakia ospatzeko. Ildo horretan, nabaria zen giroan atzokoa ospakizun eguna zela, bozgorailuetatik entzuten zen musikak berak ere argi uzten zuen moduan. Apurka-apurka, frontoiaren alboko taberna betetzen joan zen, Gipuzkoa osotik, baina bereziki Donostialdetik, bertaratu ziren herritarrekin. «Zer duzue ba gaur?», galdetu zuen zerbitzariak, «ezer ez eta festa!», erantzun barra atzean zegoen gazteak. Hala zen, bai, ezer ez eta festa, errauste plantarik egingo ez dela aldarrikatzeko eguna.

Poztasun bera ematen zuten aditzera agerraldira hurbildu zirenek edota Zubietatik paseo bat ematen ari zirenek, Beñat Larrañaga, Usoa Iparragirre, Nerea Erauntzetamurgil, Mari Ardanuiz, Luken Goia eta Maialen Iñarra kasu. Guztiek adierazi zieten GARAri euren poztasuna. Guztien ahoetatik atera zen «poztasun» hitza, eta, horrez gain, urte hauetan guztietan eginiko borroka goraipatu zuten Beñat Larrañagak, Nerea Erauntzetamurgilek edota Maialen Iñarrak. Usoa Iparragirre, aldiz, kexu zen, «txar guztia» Zubieta aldera joaten dela-eta, kartzela eta errauste planta adibide gisa jarriz. Mari Ardanuizek eta Luken Goiak, ostera, kezka puntu bat ere adierazi zuten, gaikako zabor bilketak izan dezakeen etorkizunaren inguruan. «Ez daukagu argi oposizioko alderdiek birziklatzeaz-eta hitz egiten dutenean benetan euren helburua delako egiten duten», zioten. Hala ere, pozik ziren guztiaren gainetik, baina kezka puntu horrekin.

Ez Zubietan ez inon

Ainhoa Arrospide Gipuzkoa Zero Zaborreko kideak eta Fernando Iturralde Zubietako bizilagunak hartu zuten hitza atzoko ekitaldian. Iturralde izan zen bietan lehena hitza hartzen. Zubietar bezala, azken hamar urte hauetan bizi izan duten «amesgaiztoaren» berri emanez hasi zuen hitzartzea, egoera hau bizitzea beste hainbat herriri ere tokatu zaiela gogoratuz. Ildo horretan, Urnieta, Irun, Hondarribia, Lezo, Errenteria, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Usurbil, Villabona eta Zestoa aipatu zituen, «guk bezala, munstroaren hatsa garondotik arnaska sentitu izan duten herriak baitira guztiak ere». Hala ere, eurek modu berezian bizi izan dutela egoera azpimarratu zuen, «pribilegiatuak» izanik -errauste planta Zubietan egitea erabaki izanagatik-, «guk eta gure seme-alabek 260.000 tona zabor erre behar zituen labe toxikoaren ondoan lo egin behar genuela jakiteak sortzen duen kezkarekin».

Azkenik, ordea, eta «Gipuzkoako herritarren indarrari esker», errauskailuaren «mamua» behin betiko uxatua dela azpimarratu zuen Iturraldek. Hala ere, hasierako egitasmoak hainbat ondorio izan dituela gaineratu zuen, «oraindik ere pairatuko ditugunak eta gure herriaren etorkizuna baldintzan jarriko dutenak».

«Baina gustura gaude, pozik gaude, errauste plantarik ez dugu izango. Askotan esan dugun bezala, ez dugu nahi eta ez dugu behar; ez Zubietan, ez Gipuzkoan, ez Euskal Herrian eta ez inon», adierazi zuen irmo Iturraldek. Ildo horretan, eta agerraldiko hitzik errepikatuena bihurtzeraino, zorionak emanaz amaitu zuen bere hitzartzea: «zorionak Zubieta, zorionak Gipuzkoa, zorionak Euskal Herria eta zorionak mundua».

«Munstroarenak egin du»

Ainhoa Arrospide izan zen atzoko agerraldia antolatu zuten eragileen izenean hitza euskaraz hartu zuena. Deialdia errausketa baztertu eta, Gipuzkoan, «hondakinak kudeatzeko era arrazional eta jasangarrien alde lanean dihardugun eragileok» egina zela azaldu zuen, errauskailua bertan behera uztea egitasmoaren aurka urteetan zehar jardun duten herritarrentzat eta herri mugimenduarentzat «garaipen handia» izan dela adierazi aurretik. «Gipuzkoarron osasuna eta ingurumena mehatxatzen zuen munstroarenak egin du», aldarrikatu zuen.

«Herri interesen eta lobby ekonomiko-politikoen interesen arteko lehian ez da gisa honetako azpiegitura kutsakorren aurkako garaipenik lortu Lemoizko zentral nuklearra gerarazi zenetik», adierazi zuen Arrospidek, eta errauste plantaren proiektua bertan behera geratzea urte luzeko «lan eta konpromisoaren» emaitza izan dela gaineratu zuen. «Garairik txar eta ilunenetan lanean aurrera egin izanaren fruitu gozoa dastatu ahal izan dugu berri pozgarri honekin», nabarmendu zuen.

Ildo horretan, «gure osasunarekin jolasean ibili diren horiek» kalte-ordainen harira herritarrak nahasten jarraitzen dutela salatu zuen. Horregatik, «250 milioi aurrezteko, 8, 10 edo 13 milioi gastatzea hain txarra al da?», galdetu zuen.

«Etxe ondoan inork nahi ez zuen errauste planta toxikoaren aurkako garaipen honek herritarrek eta herri eragileek gauzak aldatzeko daukagun ahalmena erakusten du», aldarrikatu zuen. Horregatik, Gipuzkoa zero zabor lurralde izan dadin lanean jarraitzeko deia egin zuen. «Bide itxaropentsu honetan lanean jarraitu behar dugu, garaipen berriak baitauzkagu oraindik ere zain», adierazi zuen. Etorkizunean lanean jarraitzeko deia egin izanagatik ere, atzokoa «garaipen hau ospatzeko eguna» zela nabarmendu zuen. Hala, zorionak emanez amaitu zuen Arrospidek ere bere hitzartzea. «Zorionak eta eskerrik beroenak borroka honetan bidelagun izan zaituztegun herritar zein erakunde guztioi», aldarrikatu zuen.

«Gelditu dut!»

Prentsaren aurreko agerraldia irrintzi batekin amaitu zen, eta, ondoren, mosaikoa egin zuten Zubietara bertaratu ziren ehunka lagunek. «Gelditu dut!» esaldia irudikatzen ahalegindu ziren, gutxi gorabeherako emaitza lortuz. Aldamio gainera igo ziren argazkilariek euren lana amaitu ostean, albiste baten berri eman zuen Arrospidek. Hala, datozen egunetan Zubietan bertan egitekoa den jaialdi baten berri emango dutela aurreratu zuen, bestelako xehetasunik eskaini gabe.

Irribarrea ahoan eta bataila bat irabazteak ematen duen poztasunarekin, ospakizun batean falta ezin daitekeen jan-edanarekin amaitu zen Zubietako atzoko ekimena.