GARA DURANGO

Euskal Dendaren 18. edizioak egundoko arrakasta izan du Durangoko hitzorduan

Nahiz eta krisi sasoian egon, Durangoko 18. Euskal Dendak egundoko arrakastarekin itxi zituen ateak. Orokorrean 14.075 lagun pasatu dira eskulan azokatik, eta horrek esan nahi du eguneko batez beste 4.691 bisitari izan dituela Euskal Dendak eta aurten bildutako jendetzak aurreikusitakoa gainditu duela, iaz 4.030 izan baitziren.

Aurten, Durangoko Euskal Denda adinez nagusi egin da eta etorkizunari nolabaiteko ikusminarekin begiratzen dio. Euskal Herriko artisauek bizi duten egoera gaindituko dutela espero dute. Aurtengo slogana honakoa izan da: «Artisautza eskura» eta berriro ere Euskal Herriko artisautzaren erakusleihorik garrantzitsuena izan da Durangokoa. Arbaso elkartearen ustez, «Euskal Dendak oso harrera ona izan du, agian publikoren leialtasunari esker izan da eta hori aipatu behar dugu, gero eta jende kontzientziatuagoa datorkigu eta hori dena salmentetan ikusi dugu», nabarmendu zuen Arbasoko presidente eta Euskal Dendaren zuzendari Bernat Vidalek.

Euskal Dendaren helburu nagusia artisautza tradizionala zein garaikidea bultzatzea eta merkaturatzea da, betiere, Euskal Herrian egindakoaren zigiluaz. Profesional hauek biziraungo badute, behar-beharrezkoa da, krisi garaian, artisauen lana bertatik bertara ikusaraztea.

Esperientzia honi esker, Euskal Dendara joandako bisitaria ohartu da lanbide zaharrak indarrean daudela, erabilera berrien kaltetan izan gabe. Izan ere, piezei norberak ematen die bizia, dela apaingarri gisa, dela egunero erabiltzeko. Pieza guztiak eskulan eta artisautza prozesuen arauak errespetatuz diseinatzen dituzte.