Arantxa MANTEROLA BAIONA GARA BILBO

Abian da EITBk Nafarroan duen hedapen sarearen digitalizazioa

Gaurtik aurrera, Euskal Telebistak abian jarriko du Nafarroan duen sare analogikoaren digitalizazioa. EITBri pauso hori emateko eskatuz Nafarroako Foru Parlamentuak onartutako mozioari erantzunez hartu dute erabakia; mozioak ETBren emisioak erregularizatzea eskatzen zuen. Lehen neurria Iruñerrian dauden bi hedagailuak digitalizatzea izan da: Erreniegakoa eta Ezkabakoa, hain zuzen ere.

Sare digitalari esker, inguru horretan ETB1 eta ETB2 analogikoan ikusten zuten ikus-entzuleek, aurrerantzean, LTD bidez ETBko lau kanalak ikusi ahal izango dituzte -ETB1, ETB2, ETB3 eta ETBK Sat-, baita EITB taldeko irrati guztiak ere, hots, Radio Euskadi, Euskadi Irratia, Gaztea, EITB Musika eta Radio Vitoria. Lehen fase honetan, Nafarroako Foru Erkidegoaren lurralde eremuaren %50 estaliko da.

Aste batzuez ETB1en seinale analogikoari eutsiko badiote ere, bihartik aurrera beharrezkoa izango da Iruñerrian telebistak berriro sintonizatzea. LTD bidez telebista jasotzen duten etxeetan, alegia etxe gehienetan, arazorik gabe sintonizatu ahal izango dute.